10. mitoa: “Ziur bagaude, aski da hori hasteko”

2016ko Otsaila 08,


Innobideak Pertsonak: Pertsonek antolakundeetako kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten parte-hartzearen mitoak eta errealitateak.

Euskal enpresa batzuk sinetsirik daude pertsonek paper garrantzitsua jokatzen dutela beren proiektu lehiakorretan, eta enpresa horiek esperientzia praktiko handia dute, baina, halere, komeni da ETEei  zenbait kontzeptu argitzea eta pertsonek antolakundeen kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan duten “parte-hartzearekin” lotutako hainbat mito gezurtatzea.

Hemen aurkezten dizuegu pertsonek enpresan duten parte-hartzearen inguruan identifikatu ditugun 10 mito faltsuetako bat. Mito faltsuak identifikatuz posible izango dugu jakitea zein den enpresa parte-hartzaileen errealitatea eta proiektu partekatu batean parte hartzen duten pertsona motibatu eta konprometituek balioa sortzeko duten potentziala.

Aurreko bederatzi mitoak ikusi ahala, pixkanaka xehatu ditugu parte-hartze prozesu bat garatzeko metodologia aplikatzean kontuan hartu behar diren ideiak eta baldintzak.

Iritsi gara orain 10. mitora, azkena izan arren ez dagoena hargatik gutxiago zabaldua. Ikusiko dugunez, mito honetan ageri zaizkigu aurreko mito guztien oihartzunak esaldi honen atzean:

“Ziur bagaude, aski da hori hasteko”.

Eta berriro ere esan behar dugu EZETZ. Konbikzioa izan badaiteke ere gure motibazioaren motor handiena, eta hori ez da gutxiestekoa, kasu honetan, parte-hartze prozesu arrakastatsu bati ekiteko antolakundeak bete behar dituen gainerako hasierako baldintza guztiak bezain garrantzitsua da.

Prozesu guztietan bezala, antolakundeak prestakuntza maila “tekniko” egokira iritsi behar du hedapena erraz gauzatzeko, hots, hedapen horrek ez dezan oztopatu eguneroko jarduera, baizik eta hobetzen lagundu, garapenean parte hartzen duten pertsona guztiak motibatuz.

Hamargarren mito honekin iritsi zaigu ordua gogora ekartzeko parte-hartze prozesu bat egituratzen duten hasierako baldintzen multzoa:

Ziur egon behar da, baina ezinbestekoa da baita ere antolakundea osatzen duten pertsona guztiek borondatea eta lanerako gogoa izatea.

Ezinbestekoa da konfiantza eta errespetuzko marko bat sortzea antolakundeko pertsona guztientzat, eta hori bakarrik lor daiteke ordu asko sartuta eta solas eta elkarrizketa asko eginda.

Informazio garden eta egiatia zabaldu behar da modu sistematiko eta pertsonalizatuan, antolakundea osatzen duten pertsona guztiengan sortzeko lankidetza eta kolaborazioaren aldeko jarrera.

Eta, garrantzitsuagoa dena, denen artean sortu behar da parte-hartze eredu propio eta bakar bat, antolakundearen neurrira egina.

Identifikatu ondoren derrigorrez bete behar ditugun baldintzak, kontuan izan behar ditugu, baita ere, egin behar ez ditugun akatsak. Horri dagokionez, on da jakitea kudeaketa kontuetan oso kontuz ibili behar dela “modekin”.

Parte-hartzeak hainbeste oihartzun lortu duen une honetan, zuzendaritza-kargu askok “parte-hartze” terminoa beretu eta beren kudeaketaren paradigma bihurtu dutenean, oso kontuz ibili behar da horrelako prozesu batean ez sartzeko bakar-bakarrik “modari” jarraitzearren.

Berriz azpimarratuko dugu: parte-hartzea derrigorrez izan behar da ongi aztertu, neurtu, adostu eta planifikatutako barne-gogoeta baten emaitza, zeinak prozesu bizi eta ebolutibo batera eramango duen enpresa, faserik fase aurrera eginez. Eta, jakina, maila bakoitza gainditzeko sekulako konstantzia behar da, nahiz eta Euskadin baditugun horretarako beharrezkoa den lege-markoa eta ingurune egokia.

Administrazio publikoak baditu hainbat programa gure ekimenei laguntzeko, eta inguruko antzeko enpresa antolakundeek garatu dituzten esperientzietatik ateratako ezagutza helarazteko. Horrek guztiak lagunduko digu geure eredu propioa garatzen eta bultzatzen, eredu bat beste inongoa ez bezalakoa, beste inon aplikatu ezinekoa, geure neurrira eginikoa, kopiarik eta imitaziorik gabea, gure esperientziak erakusten baitigu kopiek ez dutela funtzionatzen.

Halere, parte-hartzeari buruz hausnartzean ez da komeni ere kontrako muturrera joatea eta esatea: “moda kontu bat baino ez da… pasako da. Dagokien garrantzia eman behar zaie parte-hartzeak gure antolakundeari ekar diezazkiokeen abantailei.

Egia da enpresek oztopo asko gainditu behar dituztela parte-hartze prozesu bat garatzeko: informazio falta, prestakuntza ahulegia, pizgarri ekonomiko eta fiskal eskasia, aski garatu gabeko araudia, eszeptizismo puntu bat lan harremanetako arloan, eta azken urteotako testuinguru ekonomikoaren mehatxua. Eragozpen horiekin batera, baina, badituzte halako ekintza bat aktibatu ahal izateko palanka egokiak ere.

Palanka horien artean, adibidez, hor dago erakunde publikoek (esaterako SPRIk) enpresei ematen dien laguntza, edo ezagutza-eragile zenbaiten bultzada aktiboa, informazioa eskuratzen eta kontzeptuak argitzen laguntzeko; eta, baita ere, suspertzen hasia den testuinguru ekonomikoa.

Bestalde, enpresa-sare soziala, sentikorra eta prestatua dugu, parte-hartzearen arloan ibilbide historikoa egina duena. Elementu horiei guztiei esker, halako ereduak garatzeko ingurune edo ekosistema paregabea da Euskadi.

RAMON VIZCAINO, ARKEMA, ARCELOR MITTAL, CATELSA, ABB, ECN, CANDY, SAUNIER DUVAL, DAEWOO, FORMICA, THYSSEN KRUPP, HUYCK WANGNER… eta beste hainbat enpresak arazoak izan dituzte azken urteotan Euskadin zituzten fabriketan, eta azkenean ez dute izan itxi edo deslokalizatu beste aukerarik. Egoera hori desberdina izango ote litzateke baldin aukeratu balute langileen parte-hartzearen bidetik jotzea?

Ez dago ziur esaterik nolako emaitzak lortuko zituzketen, baina gutxienez badakigu enpresa horietan parte-hartzea sartu balitz aldagai berriak sortuko liratekeela eta horien eskutik agian aukeraren bat egongo litzatekeela enpresak biziarazteko.

Nahiz eta enpresen kudeaketan ez dagoen egia absoluturik, azken urteotan denok izan dugu sentipen bitxi bat, Mario Benedettik honela formulatu zuena: “pentsatu genuenean erantzun guztiak eskura genituela, kolpez galdera guztiak aldatu ziren”.

Ez da gutxiago egia duela gutxira arte gure galderak oso mugatuak zirela estrategia arloan. Gure galdera bakarrak ziren: Zenbat hazi nahi dugu?” eta “Zenbat irabazi nahi dugu?”

Gaur egun joko-arauak aldatu egin dira. Egunez egun indartzen ari den merkatu globalizatu honetan euskal enpresen ezaugarri nagusia ETEen tamainakoak izatea denez, gure antolakundeek estrategia sofistikatuagoak garatu behar dituzte ezinbestez; estrategia batzuk, aldagai kopuru handi bat ebaluatzeko gauza izango direnak, indar-guneak zehatz neurtu eta ahulguneak konpentsatuko dituztenak, salbuespenak salbuespen, mugatuak baitaude lehiatzeko orduan beren tamaina, kostu, goi-mailako teknologia nahiz marka komertzialengatik.

Testuinguru horretan, proposatzen dugun parte-hartze ereduak aukera berriak zabaltzen dizkiete antolakundeei: estrategia konplexuagoak garatu ditzakete, gogoeta estrategiko batetik abiatuak. Gogoeta horren baitan definitu dezakete nolako antolakundea izan nahi duten, eta antolakunde horretan zein izango den pertsonen papera: balio-sorkuntzarako eredu berriaren ardatza, eta lehiakortasunaren eta merkatuko sostengarritasunaren giltza.

Parte-hartzearen bidez eraikiko ote dute euskal ETEek proiektu partekatu bat eta bihurtuko ote dute daukaten talentua lehiakortasun palanka?

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Innobideak Pertsonak ekimena jarri zuen martxan, zeinaren helburua baita jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Une honetan itxita dago laguntzak eskatzeko epea, irekitzen denean ohiko bideetatik abisatuko dizuegu: Twitter sarean eta ADI!, SPRIko laguntzen alerta zerbitzuan.

Innobideak Estrategiak, pertsonen parte-hartzea babesteaz harago, merkatu berrietara sartzeko produktu eta zerbitzu berrien garapena bultzatzen du Innobideak Lehiabide ildoaren bidez; diagnostiko eta kontraste metodologia bat eskaintzen du Innobideak Kudeabide ildoaren bitartez, antolakundeen berrikuntza gradua neurtzeko eta hobetzeko kanpoko profesionalen laguntza eskainiz; eta zuzendaritza taldeei beren antolakundeetan Kudeaketa Aurreratua ezartzeko behar dituzten gaitasunak ematen dizkie, Innobideak Prestakuntza ildoaren bidez.

Funtsean, Eusko Jaurlaritzaren Innobideak estrategiak osatu egiten ditu SPRIk eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresa babesteko zenbait arlotan -I+G+B, nazioartekotzea, inbertsio berriak eta ekintzailetza- ematen dituzten laguntzak, modu horretara eratuz ekonomi garapeneko eskaintza-sorta oso eta integrala.

Gezurrezko 10 mito:

1 MITOA I 2 MITOA I 3 MITOA I 4 MITOA I 5 MITOA I 6 MITOA I 7 MITOA I 8 MITOA I 9 MITOA I 10 MITOA

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke