Informazio Gizartearen aurrerapena Euskadin

2017ko Martxoa 08,

Portada del informe
Telefónicaren txostenak azpimarratu du EAEn gero eta gehiago erabiltzen direla IKTak.

IKTak gero eta errotuago daude etxeetan, enpresetan eta administrazioan.

 

Informazio Gizartea zabaltzen ari da Euskadin, eta bizitza pertsonal, sozial eta produktiboaren esparru guztietara iristen ari da, IKTak gero eta gehiago erabiltzen direlako. Telefónica Fundazioaren azken 12 hilabeteetako Sociedad de la Información en España 2016 txostenak dio EAEn ia adierazle guztietan egin duela gora teknologia digitalen ezarpenak, eta bereziki aipatzekoa dela industria sektoreak eraldatzeko egin duen ahalegina.

 

Arlo pertsonalari eta familiarrari dagokienez, Interneterako sarbidea duten etxeen portzentajea %82,6koa da, eta gehien-gehienek banda zabala dute. Bestalde, internauta kopurua %84,8raino hazi da 16 eta 64 urte bitarteko biztanleen artean, 2015ean baino portzentajezko 3 puntu gorago kokatu delarik. Genero-etenak murrizten jarraitzen du, emakumezko internautak %83,5 direlarik eta gizonezkoak %86. Azkenik, eCommerce jarduera ere handitu egin da. Euskal erabiltzaileen %43,3k adierazi dute erosketaren bat egin dutela azken 3 hilabeteetan, eta portzentaje horrek aise gainditzen du Estatuko batez bestekoa.

 

Enpresei erreparatuz gero, IKTen erabilera egonkortu egin da hobetzeko marjina txikia zuten esparruetan, eta hazi egin da oraindik ezarpen maila handirik ez zutenetan. Hala, 10 langile edo gehiagoko enpresen %96,6k badute Interneta, eta kasuen ia %82an webgune propioa ere bai. Enpresa txikienen artean, 4tik 3k dute Sarerako konexioa, eta portzentajea 6 puntu hazi da iazko zifrarekin alderatuta. Gainera, 10 langile edo gehiagoko konpainien %70ek sinadura digitala baliatzen dute, eta kontuan hartu behar da zerbitzu hori zerbitzu aurreratutzat jotzen dela.

 

Bestalde, hiritarren eta administrazio publikoen arteko Internet bidezko elkarreraginak bere horretan dirau, %61ean kokatzen delarik. Horrelako kanalak lehenagotik baliatzen zituztenek gehiagotan erabili dituzte azken urte honetan; dena den, zifrek erakusten dute administrazio elektronikoak eginiko ahaleginak ez duela jaso hiritarrengandik espero zen erantzuna, hala dio behintzat Telefónicaren txostenak.

 

Era berean, azterlanak azpimarratu egin du Euskadik industria sektorean IKTen alde egin duen apustua, Eusko Jaurlaritzak 2016ko martxoan abiarazitako Euskadi 2020 Agenda Digitala plan estrategikoan mamitzen dena. Zentzu horretan, txostenak dagoeneko martxan dauden hainbat ekintza azpimarratu ditu: talentua erakartzeko Bind 4.0 nazioarteko programa, eta baita ere banda zabal ultra-azkarreko zerbitzuak jarduera industrialeko guneetara eramateko eta zuntz optikoa Administrazio Publikoaren 1.700 eraikinetan ezartzeko plana.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke