Industria 4.0 aztertuko duen nazioarteko ekimen batean parte hartuko du Euskadik

2014ko Iraila 15,


– Alemaniako Gobernuak gonbitea luzatu dio Jaurlaritzari Europako industriaren etorkizuna landuko duen nazioarteko Benchmarking-an aritzeko
– Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Lehiakortasunerako sailburuak, Arantxa Tapiak bi eguneko egonaldia egin du Alemaniako lehen mailako zentro eta egoitzetan lan saioak eginez


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRIk osatutako eta Arantxa Tapia sailburuak zuzendutako ordezkaritza batek saio lanpetuak izan ditu bi egunez Alemaniako hainbat eragilerekin, Alemanian garatzen duten politika industrialaren joerak eta estrategiak kontrastatzeko.

Arantza Tapia

Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Alemanian

Bisitan zehar Eusko Jaurlaritzak gonbidapen formal bat jaso du, izan ere Gobernu Federalak nazioarteko Benchmarking ekimen bat bultzatu du Produkzio Teknologien Fraunhofer Institutuaren bitartez (fabrikazio teknologiak) eta ekimen horretan parte hartzeko gonbitea luzatu diete Jaurlaritzako ordezkariei. Tapia sailburuaren arabera, “aukera bikaina da Euskadirentzat bertatik bertara ezagutzeko fabrikazio aurreratuarekin lotutako azken joerak”.

Ikerketarako Fraunhofer zentro-institutuak baditu harremanak Euskadiko hainbat eragilerekin, eta jakinarazi du harreman horiek sakondu eta estutu nahi dituela, Euskadiko ingeniariak atzemateko edo haiekin lankidetzan aritzeko.

Eusko Jaurlaritza interesaturik dago Fabrikazio Aurreratuan, horregatik elkartu dira Alemaniako Adimen Artifizialeko Zentroko arduradunekin (Kaiserlaurten-en) eta Alemaniako IKTen Kluster garrantzitsueneko ordezkariekin (Software Cluster, Hessen eskualdean). Azken horiek ongi ezagutzen dute Euskadiko egoera, harremana daukatelako GAIA Klusterrarekin, eta lankidetza ildo berriak indartzeko interesa agertu dute.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Alemaniako INDUSTRIA 4.0 Estrategiaren idazleetako batekin bildu ziren, hain zuzen, TU Darmstadt Unibertsitateko Reiner Anderl irakaslearekin. Anderle-ek enpresen ekimenez sortutako plataforma bat zuzentzen du, zeinak gobernu federalaren estrategia industriala inplementatzen baitu arreta berezia eskainiz unibertsitateko ikasleen eta langile industrialen prestakuntzari.

Industria 4.0 Alemaniarekin eta lidergo industriala “Vanguard” taldean

Nazioarteko ekimen horretaz gain, Eusko Jaurlaritza Europako “Vanguard” Eskualde Taldeko kide da 2013tik. Talde horretako eskualdeak dira, hain zuzen, politika industrialaren eta espezializazio adimendunaren arloetako liderrak.

“Abangoardiako eskualdeak” 15 dira, zehazki hauek: Euskadi, Baden-Württemberg, Flandes, Valonia, Lombardia, Malopolska, Iparraldeko Renania-Westfalia, Eskozia, Skåne, Herbehereetako Hego-ekialdea, Tampere, Asturias, Portugaleko Iparraldeko eskualdea, Goi Austria eta Rhône-Alpes.

Abangoardia ekimena ez da ekimen esklusibo bat, baina helburutzat du espezializazio adimendunaren bitartez hazkunde berri bat lortu nahi duten eskualde guztiak biltzea.

Ekimenaren parte diren eskualdeek konpromisoa hartu dute espezializazio adimendunarekin, ez soilik Europako kohesio politikak hartara behartzen dituelako, baizik eta beren politika industrialak eta berrikuntza politikak zuzentzen dituen printzipio bat delako eta, bide horretatik, lehiakortasuna eta hazkundea bultzatu nahi dutelako.

Abangoardiako ekimenaren xedea da espezializazio adimenduna industriaren eta berrikuntzaren aldeko politika europarretan integratzeko prozesua azkartzea, eta baita ere eskualdeei erakustea eragile garrantzitsu izan daitezkeela maila politiko guztiak eta interesatutako alderdi guztiak mobilizatzeko hazkunde berri bateranzko bidean.


Industria 4.0 jardunaldia Euskadin

Etorkizunerako estrategia industrialik onena lortu nahian, SPRIk jardunaldi bat antolatuko du datorren urriaren 15ean, Euskalduna Jauregian, Industria arloko joerei eta “Fabrika Adimendunari” buruz. Hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dira eta, besteak beste, bertan izango da Wolfang Wahlster irakaslea, Sarre-ko unibertsitateko (Alemania) informatikako katedraduna. Adimen Artifizialeko Alemaniako Ikerketa Zentroko (DFKI GmbH) zuzendaria eta administratzaile nagusia da 1988tik; alor horretako munduko zentro handienetakoa da, non 600dik gora zientzialarik lan egiten baitute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke