Industri arloko enpresa digitaletarantz

2017ko Otsaila 07,

Portada del informe Industry 4.0 Building the digital enterprise
Txostenak 4.0 Industriarekin lotutako 8 giltzarri antzeman ditu.

PwC aholkularitzaren azterlan batek erakusten du sektorea aurrerantz doala ekosistema digital baterantz.

 

4.0 Industria joera izateari utzi eta errealitate bihurtu da, eta sektoreko lider diren enpresak hasiak dira dagoeneko eraldaketa hori barneratzen. Laugarren iraultza industriala bezala ere ezagutzen den prozesu hori etengabe doa aurrera, eta prozesu horretan murgiltzen diren konpainia industrialak enpresa digital bihurtuko dira datozen urteetan.

 

PwC aholkularitzak Industry 4.0, building the digital enterprise txostenean aztertu ditu etorkizuneko eraldaketa horren giltzarriak, 26 herrialde eta 9 sektoretako konpainia industrialei 2.000 inkestatik gora egin ondoren. Inkestatuen %70ak espero du digitalizazio maila aurreratua lortuko duela datozen 5 urteetan, eta inbertsio plan handinahitsuak jarri dituzte martxan horretarako. Eraldaketa hori hasia duten konpainiek emaitza garrantzitsuak espero dituzte epe laburrean: urteko %2,9ko hazkundea irabazietan eta %3,6ko murrizketa kostuetan.

 

Azterlanak oinarritzat hartzen du 4.0 Industria terminoaren definizio hau: enpresako balio kate guztien digitalizazioa, bai bertikalena –antolakundeko prozesu operatibo guztiak- eta bai horizontalena –hornitzaile, bezero eta bazkideekiko harremanak-. Konpainia industrialak, edo behintzat aldaketaren lider izango direnak, enpresa digital bihurtuko dira, eta produktu fisiko handituak eskainiko dituzte interfaze digitalen bidez eta baita ere datuetan oinarritutako zerbitzu berritzaileak.

 

Antolakundeak kultura digital berri bat barneratzeko duen gaitasuna izango da eraldaketa horren giltzarri nagusietako bat. Txostenak dioenez, teknologia egokienak aukeratzea baino are garrantzitsuagoa izango da hori, lidergo argia eta langile guztien inplikazioa eskatzen dituelako. Eta enpresek talentua erakarri, atxiki eta prestatu behar dute horretarako.

 

Era berean, txostenak 4.0 Industrian funtsezkoak izango diren beste hainbat elementu azpimarratzen ditu: harreman digital zuzenagoak eraikitzea kontsumitzaileekin beren premiei hobeto erantzuteko; datuak aztertzea horretan oinarrituta erabakiak hartzeko; eta globalizazioa azkartuko duten ekosistema digitalak sortzea. Txostenetik ondorioztatzen da konpainia asko ari direla inbertsio handiak egiten, bereziki teknologia digitalen arloan, esaterako, sentsoreak eta konektagarritasun dispositiboak, produkzio prozesuak kudeatzeko softwareak eta langileentzako prestakuntza.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke