Ikusmen artifiziala industriaren kalitatea hobetzeko

2017ko Otsaila 09,

ornada basque industry vision artificial
Ihardunaldiaren momentu bat.

“Basque Industry 4-0” jardunaldi tematikoak ezagutzera ematen ditu 4.0 industriak euskal enpresetan dituen aplikazio praktikoak. Horietako bat da akatsak detektatzea orduko 300 kilometroko abiaduran fabrikatzen diren altzairuzko xafletan.

 

“Sistema horiek kalitate txarragatiko errefusak saihesten dituzte eta aukera ematen dute informazioa ahalik eta azkarren eskuratzeko. Begiak jartzen dituzu ez dauzkazun lekuan”, dio Tecnaliako José Ángel Gutiérrezek.

 

Ikusmen artifiziala dugu 4.0 Industriaren aplikazio anitzetako bat. 4.0 industriaren edo laugarren iraultza industrialaren bitartez, euskal enpresek adimena txertatuko diete euren baliabideei eta produkzio sistemei. SPRI Taldeak Arrasateko Garaia Gunean ostegun honetan antolatutako jardunaldi batean erakutsi da zein aplikazio zehatz dituen industrian.

 

Tecnaliako José Ángel Gutiérrezek emandako hitzaldia “Basque Industry 4.0” jardunaldi tematikoen barruan kokatzen da. Jardunaldi horiek SPRI Taldeko “Enpresa Digitala” zerbitzuaren bidez ari dira gauzatzen urte osoan, izen bereko estrategiari lotuta. Jardunaldi tematiko horiek jarraipena ematen diote udazkenero egiten den Basque Industry 4.0 jardunaldiari, hots, 4.0 industriari buruzko ekitaldi nagusiari. Ekitaldi horren xedea da foro bat izatea, 4.0 industriak Euskadira dakarren paradigmari buruz iritziak trukatzeko eta etorkizuneko perspektibak aztertzeko.

 

Ikusmen artifiziala oso tresna indartsua da industriako kalitatea ikuskatu eta kontrolatzeko. José Ángel Gutiérrezek bertaratu guztien aurrean aurkeztu ditu teknologia horrek dakartzan aukera ugariak, argiaren, kameren objektiboen eta digitalizazioaren bidez. Orobat aipatu ditu zeintzuk diren enpresek ikusmen artifizialerako darabiltzaten tresnak, eta euskal industriaren adibide zehatzak eman ditu.

 

Hala, ArcelorMittal enpresak ikusmen artifiziala darabil 300 kilometro orduko abiaduran ekoizten dituen xaflen ertzetako arrakalak antzemateko, eta Tubos Reunidos enpresak neurri-sistema bat aurrez aurreko argiztapenaren bidez.

 

Tecnaliak esparru horretan oraintsu egin duen proiektuetako bat Surfin sistema da, beroko ijezketako produkzioan erabiltzen dena. Ikusmen artifiziala erabiltzen da edozein akats antzemateko 1.000 graduko tenperaturetan ekoitzitako altzairuan. “Berdin ikusten dugu beroan nahiz hotzean. Segundoko sei metro hodi ekoizten dira lurrunezko ingurune batean, eta horrek ikusmena zailtzen du. Kalitatea handia da, altzairuaren testura bera ere ikusten da”, esan du Gutiérrezek.

 

Tecnaliako ordezkariak aipatu du posible dela bi hilabetean ikusmen artifizialeko ekipo bat muntatzea lantegi batean. “Sistema horiek kalitate txarragatiko errefusak saihesten dituzte eta aukera ematen dute informazioa ahalik eta azkarren eskuratzeko. Begiak jartzen dituzu ez dauzkazun lekuan”. Halaber esan du prebentziozko mantenimendua ere oso balio garrantzitsua dela. “Lagungarri da oso azkar diagnostikatzeko gerta litezkeen akatsak”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke