IKTerako sarbidea, funtsezkoa genero berdintasuna lortzeko

2017ko Urtarrila 10,

Partaideak, antolatzaileak eta babesleak, ihardunaldian.

Deustuko Unibertsitateko jardunaldi batek aztergai izan ditu emakumeek dituzten  zailtasunak teknologia berrien diseinuan parte hartzeko.

NBEko aholkulari Irune Aguirrezabalek esan du emakumeek eragile aktibo izan behar dutela IKTen garapenean,  Interneterako sarbideari eta gobernamenduari buruzko erabakiak hartzea barne.

 

Sarbidea izatea Informazio eta Komunikazio Teknologietara (IKTak) funtsezkoa da genero desberdintasuna desagerrarazteko. Planetaren Garapen Sostengarriko  2030era arteko bere Planaren barruan, Nazio Batuen Erakundeak-NBEk lehentasunezkotzat jo du interneteko erabilera zabaltzea eta emakumeen partaidetza handitzea teknologia berrien diseinuan. Hala adierazi du Irune Aguirrezabalek, NBE Emakumeak-eko Latinoamerikarako eta Kariberako Lidergo eta Partaidetza Publikoko aholkulariak, Deustuko Unibertsitateak astearte honetan antolatutako ekitaldi batean. Ekitaldia egiteko arrazoia izan da Deustuko Unibertsitateak urtero antolatzen duen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron 2017 Sariaren aurkezpena. Ada Byron izan zen XXI. mendean programazio lengoaia bat sortu zen lehenengo pertsona.

 

Ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari María Guijarrok esan du ezen,  nahiz eta genero etena gutxitu egin den  interneten erabilerari dagokionez, “emakumeek gutxiengoa izaten jarraitzen dute arlo profesionalean. Zeregin garrantzitsuenak eta ondo ordaindutakoak gizonezkoei esleitzen zaizkie”.

 

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak esan du beharrezkoa dela teknologiaren esparruraino eramatea berdintasun politikak. “Sari hau lagungarri da beharrezko aldaketa hori bultzatzeko”.

 

Irune Aguirrezabalek azaldu du sei urte baino ez dituen bere erakundeak, NBE Emakumeak-ek, helburutzat duela demokrazia paritarioa zabaltzea arlo instituzionalean eta gizarteko esparru guztietan, baita ere teknologian. “Zientzia eta teknologia birpentsatzen baditugu, pentsatu behar dugu nolako onurak dakarzkieten hala gizonei nola emakumeei, baina baita ere nola parte hartzen duten emakumeek. IKTak izan daitezela  gizarte garapenaren bideratzaile”.

 

Irune Aguirrezabalek esan du emakumeek eragile aktiboak izan behar dutela IKTen garapenean, Interneterako sarbideari eta gobernamenduari buruzko erabakiak hartzea barne. Aguirrezabalek azpimarratu du teknologiak “genero ikuspegia barne hartu behar duela, batik bat Latinoamerikan, non desberdintasun handiak dauden”, zeren, araudi eta partaidetza politiko arloko aurrerapenak gorabehera, hango “balantzea ez baita positiboa”. “Patroi patriarkalak dira nagusi oraindik. Hiru hilketatik bik generoarekin dute zerikusia, eta lau emakumetik batek bere bikotekidearen bortxakeriaren bat jasan du”.

 

NBEko aholkulariak aipatu du emakumeak munduko akademizista zientifikoen %5 baino ez direla, eta teknologi enpresetako karguen %10-%15 baino ez. “IKTetarako sarbideak botererako sarbidea ematen du baldintza berdinetan. Aurreikusten da etorkizuneko lanpostuen %90ek IKT arloko jakintza eskatuko dutela, eta horregatik da garrantzitsua sarbidea izatea teknologia berrietara”.

 

Orobat esan du demokrazia paritarioak ezinbestekoa duela “emakumeek euren erabakiak hartzea”,  eta adierazi du ahalegin horretan Ada Byron sariak zeregin garrantzitsua betetzen duela, “bere helburua baita emakume zientzialariak ikusaraztea”.

 

Ekitaldiari buru emateko, mahai-inguru bat egin da non Julen Iturbe-Ormaetxe aholkulariak esan baitu genero diskriminazioak baduela oinarriko desabantaila bat. “Lehenengo eta behin, ez da arazo bat jende askorentzat”. Izaskun Landaida bat etorri da esatean gizarteak “ez duela ikusten lehentasun bat bezala ”. María Guijarrok deitoratu du neska gazteek gaur egun “ez izatea erreferenterik zientzian eta teknologian jarduteko”.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke