Work Guardian aplikazioak legearen mundura darama IKTen potentziala

2015ko Azaroa 02,

Work Guardian aplikazioa

Weberako eta sakelakorako Work Guardian aplikazio berria onlineko kudeaketako sistema bat da, bereziki diseinatu dena abokatuen bulegoetarako eta hainbat funtzionaltasun dituena modu seguru eta intuitiboan lan egin ahal izateko. Bizkaiko garatzaile eta diseinatzaile talde batek sortu du, ikusi zutelako premia handia zegoela IKT arloko kudeaketa tresnak abokatuen sektorera eramateko, non ez baitute sarpen handirik.

“Abokatu gehienek barne sistemekin lan egiten dute edo bulego handiek bakarrik eros ditzaketen neurrira eginiko kudeaketa zerbitzuekin”, azaldu du Javier Rodríguezek, Work Guardian aplikazioaren garapen arduradunak “guk bulego arruntak ditugu jomuga bezala, onlineko zerbitzu honi esker askoz prezio estuagoak eskaini ahal izango dituztelako”.

Work Guardian lainoan oinarritutako SAAS bezala eskaintzen da eta badu gainerako zerbitzuengandik bereizten duen balore nagusi bat, funtzionamendu sinplea eta intuitiboa duelako, zeinari esker askotariko lanak egin baitaitezke: espedienteak aztertu, agenda kudeatu eta informazio guztia eskuratu edozein tokitatik. Work Guardian-eko lantaldeko profesionalek lehenago ere lan egin dute abokatu bulegoentzako IKT tresnak garatzen, eta Work Guardian aplikazioa esperientzia horretan oinarrituta dago.

Sistema horren beste elementu garrantzitsu bat segurtasuna da. Javier Rodríguezek azaldu duenez, “lege sektoreak oro har ez du Sarea atsegin, datu oso sentsibleak erabiltzen dituelako, baina askoz seguruagoa da datu horiek segurtasun neurri guztiak betetzen dituen zerbitzari batean gordetzea, eta ez norbere ordenagailuan”. Work Guardian sistemak DBLOren 3. maila  betetzen du, eta datuen segurtasun eta kontrolerako nazioarteko estandar guztiak ere bai.

Urte eta erdiko lanaren ondoren, irailean merkaturatu zen aplikazioa eta urriaren 23an eta 24an aurkeztu zuten Legal Hackathon Barcelona ekitaldian. Zerbitzua bateragarria da edozein sistema eragilerekin, eta lantaldeak aplikazio eta eguneraketa berriak erantsiko ditu pixkanaka erabiltzaileen premien arabera.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke