WiMi5 plataformak 10.000tik gora bideojoko garatzaile ditu bere lehen urtean

2015ko Azaroa 18,

WiMi5.

Bideojokoak garatzeko WiMi5 plataforma 2014ko uztailean jarri zen martxan. Html5 aplikazioak editatzeko balio du eta bideojoko baten sorkuntzaren ziklo osoa barne hartzen du: garapena, argitalpena eta onlineko monetizazioa app dendetan. Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, 10.000tik gora erabiltzaile ditu, hala programazioari buruz aurretiazko ezagutzarik ez duten afizionatuak, nola profesionalak. Horrez gain, gamifikazioarekin, joko serioekin eta hezkuntzarekin lotutako esparruetan ere erabiltzen da munduko hainbat tokitan.

WiMi5 plataforma Tecnaliaren spinoff gisa sortu zen, weba hurrengo joko plataforma bihurtzeko, kontsolarekin, dispositibo mugikorrekin eta ordenagailuarekin batera. “Html5 estandarrari esker joko plataforma berri bat sortzen ari da webean”, azaldu du Raúl Otaoleak, WiMi5 plataformako zuzendari nagusiak; “beti egon da nabigatzailean jokatzeko aukera, baina muga askorekin. Html5 estandarrarekin posible  da lehenbizikoz kalitatezko edukiak sortzea, lehen enpresa pribatuen tresnekin (adibidez flash) bakarrik sor zitezkeenak”.

WiMi5 enpresako lantaldeak plataforma bat sortu nahi izan zuen edukiak (eta bereziki bideojokoak) sortzeko Html5 erabiliz. Orain, zenbait hedabidek azaldu bezala, “bideojokoen munduko WordPress bihurtu da”, plataforma anitzeko aplikazioen garapena demokratizatu duelako. Raúl Otaoleak azaldu bezala, “plataforman bertan sortzen dira edukiak, gero argitaratzeko botoia klikatzen da eta kitto, ez dago ezer instalatu beharrik”, “bidalitako estekan klikatuz gero, jokoan sartzen zara zuzenean”.

Gaur egun Googlek bi tresna gomendatzen ditu webean bideojokoak egiteko, eta WiMi5 plataforma da horietako bat. Aurtengo martxoan konpainiak Mobile World Congress topaketan parte hartzera gonbidatu zuen WIMI5eko lantaldea, bere plataforma aurkeztu zezaten Google Cloud Platform keynote-n. Bideojoko ludikoen esparrutik at, beste sektore batzuek ere baliatu dute tresna hau, bereziki hezkuntzak. Hala, Hezkuntza Ministerioak online prestakuntzarako bultzatu duen AulaMentor ekimenak WiMi5 erabiltzen du edukiak sortzeko, eta datorren ikasturtean prestakuntza ikastaroak eskainiko dituzte tresna horrekin. Bogotako ViveLabs prestakuntza zentroak plataforma hori baliatzen du ikus-entzunezko sektoreko ekintzaileei eskolak emateko, eta Txinako hainbat eskolatan ere erabiltzen dute editorea, ikasleak programazioaren munduan sarrarazteko.

Orain, WiMi5 lantaldeak beste finantzaketa erronda bat hasiko du, plataformaren funtzionaltasunak osatu ahal izateko. Otaoleak esan duenez, “hasieran profil erdi-profesionala izan dugu jomugatzat, baina erabiltzaile profesionalenen premiei ere erantzun nahi diegu, espektro guztira iristeko”, “webeko jokoak garatzeko aukera naturalena bihurtu nahi dugu”.

 

WiMi5



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke