ES | EU


2015ko Abendua 30


Arabako hiriburuan Vitoria-Gasteiz Laborategi Hiria ekimena jarri dute martxan. Proiektu horren bidez, enpresa teknologikoen eskura jarri dituzte hiriko espazio publikoak, beren produktu eta zerbitzu berritzaileenen proiektu pilotuak egin ditzaten ingurune erreal batean. Dagoeneko zazpi proiektu aukeratu dituzte programaren barruan, eta hasi dira Gasteizen prototipoak probatzen.

Ekimenaren helburu nagusia da konpainia eta startup teknologikoei laguntzea beren I+G+B-ko proiektuetan. Horretarako, produktu berriak probatzen lagunduko zaie, eta erakusleiho bat eskainiko zaie beren berrikuntzak ezagutzera eman ditzaten. Proposamena zabalik dago tokiko enpresentzat nahiz beste hiri batzuetakoentzat, nahiz eta lehen zazpi proiektuak Gasteizko konpainienak diren.

Danok da hautatutako berrikuntzetako bat. Konektik Smart Innovation enpresak garatu du, eta bluetooth teknologiak erabiltzen ditu espazio publikoan irisgarritasuna hobetzeko. Sistema horrek informazioa eta orientazio argibideak bidaltzen ditu dispositibo mugikorretara ezgaitasunak dituzten pertsonen mugikortasuna hobetzeko. Proba fasea martxan dago hiriko hiru puntutan. Beste proiektu bat da Airestudio Geoinformation Technologies enpresak eraztun berdeko parkeetarako garatu duen zaintza sistema. Zerbitzu horrek espektro anitzetako argazki kamerak baliatzen ditu landareen egoera aztertzeko, eta une honetan, Salburuako hezeguneetan jarri dute proban.

Energiaren esparruan ere hainbat proiektu teknologiko berritzaile daude probapean. Soprener enpresak hiriko argiztapen kontsumoa optimizatzeko sistema bat instalatu du. Del Valle Aguayo eta Argolabe Ingeniería enpresek aero-sorgailu berri bat dute eskuartean, zeinak auto-kontsumoa eta energia salmenta ahalbidetzen baititu, eta AEG Power Solutions Ibérica enpresak energia biltegiratzeko prototipo bat du abian, Iberdrolarekin eta Tecnalia zentroarekin batera garatu duena.