Visual Line enpresak adimen artifizialean oinarritutako segurtasun-sistema bat sortu du trenbide pasaguneetarako

2015ko Azaroa 11,

Begicrossing sistemarekin monitorizatutako pasagunea.

Visual Line euskal startup-ak Begicrossing sortu du, bideo irudiak denbora errealean aztertuz trenbideetako pasaguneen segurtasuna hobetzen duen sistema. Startup horrek sortu duen softwareak bideoan jasotako egoerak interpretatu ditzake, eta, beren larritasunaren arabera, alarmak igortzen ditu aginte-postuetara ahalik eta azkarren erantzun diezaioten.

Visual Line enpresako lantaldeak dioenez, Europako estatistiken arabera, trenbide pasaguneetako istripuek ordezkatzen dituzte burdinbideetako heriotzen %29 eta errepideetako heriotzen %1,2. 2010 eta 2012 bitartean, 60 talka gertatu ziren Espainia osoko trenbide pasaguneetan, zeintzuetan 23 hildako eta lesio larridun 12 biktima egon baitziren.

Begicrossing sistema bideo edukiak aztertzeko teknologietan oinarritzen da, eta horiei esker, adimendun bihurtzen ditu burdinbideetako pasaguneetan dauden azpiegitura teknologikoak. Software horrek bideo irudiak jasotzen ditu eta irudietako edukiak aztertzen ditu. Horrela detektatzen du zeintzuk diren hesiak jaitsita daudenean agertzen diren oztopoak (mugitzen direnak edo geldi daudenak), hesiak igota egon arren hainbat minutuz geldirik egon direnak, eta baita ere pasagunearen funtzionamendu akatsak, esaterako, tren bat pasatzen denean hesiak igota egotea. Begicontrol urruneko monitorizazio sistemak automatikoki baloratzen ditu gertakari horiek beren larritasunaren arabera, eta egoera kritikoen berri ematen du kontrol zentroetara denbora errealeko irudiak igorriz, adibidez, hesiak jaitsita egonik ibilgailu bat geldirik dagoenean. Era berean, sistemak pasagunean gertatzen diren intzidente eta akats guztiak erregistratzen ditu, gero informazio horrekin segurtasun protokoloak optimizatzeko.

Aurtengo maiatza eta abuztua bitartean, proba pilotu bat egin zuten Urbiko trenbide pasagunean (Bilbo-Donostia eta Bilbo-Bermeo tren lineetan), eta orduan egiaztatu zuten sistema osoak ongi funtzionatzen duela. Begicrossing sistemak denbora horretan gertatutako intzidente larri edo kritiko guztiak erregistratu zituen (87 eta 10 hurrenez hurren), eta baita ere pasagunearen funtzionamendu intzidentziak. Era berean, pilotuak erakutsi zuen sistema baliagarria izan daitekeela denbora errealeko kanal gisa, operadoreek beren aginte-postutik ikus dezaten nola konpontzen den arazoa.

Visual Line oinarri teknologikoko startup bat da, Dominion taldeak eta Famcon XXI inbertsio taldeak bultzatu dutena. Begicrossing da beren lehen proiektua, gaur egun merkaturatze fasean dagoena, eta asmoa da 2016ko lehen hilabeteetan martxan jartzea. Enpresak Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Sailaren laguntza jaso du eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarena era bai, SPRIren Ekintzaile programaren bitartez.

Begicrossing



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke