UPV/EHUko ikerlari batek bere tesian erakutsi du nolako erabilpen profesionala ematen dieten euskal profesionalek sare sozialei

2016ko Otsaila 18,

Social Networks. Stockmonkeys-en irudia.

Euskadiko profesional askok lanerako erabiltzen dituzte sare sozialak, nahiz eta funtzio horiek indibidualki ematen zaizkien eta gutxitan egoten diren enpresen marketin eta komunikazio estrategiarekin lerrokatuta. Hori da  UPV/EHUko ikerlari Aitziber Nuñez Zabaletaren tesian (Uso de las redes sociales digitales por parte de los profesionales vascos: una nueva forma de networking) aipatzen den ondorioetako bat.

Ikerketa osatzeko, inkestak egin zaizkie SPRIren Euskadi+Innova berrikuntza aldizkariko harpideei, eta langileen erabilpenak eta gehien baliatzen dituzten plataformak zerrendatu dira. Hauek dira lanean sare sozialak erabiltzeko arrazoiak: lehenik eta behin, konexio profesional interesgarri berriak lortzea (kasuen %81,3), kontaktuekin komunikatzea (%73,5), ekitaldien berri ematea (%59) eta balizko bezeroekin konektatzea (%53). Neurri txikiagoan bada ere, orobat erabiltzen dituzte gai profesionalei buruzko eztabaidetan parte hartzeko.

Helburu profesionaletarako gehien erabiltzen den sare soziala Linkedin da, eta eraginkorrena da interes profesionaleko kontaktuak lortzeko: bost inkestatutik lauk baieztatu dute horrelako kontakturen bat lortu dutela Linkedin erabiliz. Profesional gehienek beste plataforma batzuk ere erabiltzen dituzte (Facebook, Twitter, WhatsApp, Google+ eta web korporatiboa), baina gutxik esan dute haien bidez interes profesionaleko kontaktu berririk lortu dutenik.

Sektoreei erreparatuz gero, beste konpainia batzuekin salerosketak egiten dituzten enpresetako (B2B) langileek retail sektorekoek baino gehiago erabiltzen dute Linkedin sarea. Bestalde, norbere kontura lan egiten duten profesionalak askoz aktiboagoak dira sare sozialetan besteren kontura lan egiten dutenak baino.

Ikerketak dio enpresa esportatzaileak oso interesatuta daudela sare sozialetan. Nazioarteko proiekzioa duten lau konpainia industrialetik hiru estrategia espezifiko bat garatzen ari dira plataforma horietarako, edo halakoren bat garatzea aurreikusi dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke