Timon: Adimen Artifiziala garraio seguru eta eraginkorragoa lortzeko

2015ko Maiatza 27,

spri_innovacion_TIMON_DeustoTech
Timon proiektua.

Deustuko Unibertsitateko DeustoTech ikerketa institutuak koordinatzen du TIMON proiektu europarra, zeinak datu multzoak aztertzen baititu denbora errealean, garraio sistema adimendun, seguru, sostengarri eta eraginkorragoa lortzeko. TIMON proiektua ekainaren 3an eta 4an abiaraziko da ofizialki Bilbon egingo den bilera batekin, eta berau zuzenduko duen partzuergoa Europako zortzi herrialdetako 11 erakundez osatuta dago: Espainia, Alemania, Italia, Ingalaterra, Hungaria, Eslovenia, Belgika eta Holanda.

Ekimen honek 5,5 milioi eurotik gorako finantzaketa jaso du I+Gri laguntzeko Horizontea 2020 programa europarraren bidez, eta bere azken helburua da zerbitzu berriak garatzea (web plataformak eta aplikazio mugikorrak), balioan jarriz denbora errealean sortzen den garraioaren arloko datu kopuru izugarria. DeustoTech Mobility lantaldeak koordinatuko du TIMON partzuergoa, eta, horrezaz gain, datuen prozesamenduen eremua zuzenduko du, adimen artifizialean oinarritutako teknologiak aplikatuz.

“Proiektuaren helburua da errepideko garraioaren segurtasun eta eraginkortasun parametroak hobetzea, administrazio publikoen eta enpresen datuak erabiliz, eta  kontuan hartuko dira baita ere hiritarrek sakelako telefonoekin sortzen dituztenak” azaldu du Asier Perallosek, DeustoTech Mobility taldeko ingeniaritza informatikoko ikerlari eta TIMON partzuergoko koordinatzaile teknikoak “datu iturri desberdinak uztartuko ditugu, denak balioan jarriz eta gero ustiatu egingo ditugu adimen artifizialeko teknologiak eta big data erabiliz”.

Datu horiek aztertu ondoren, tresna batzuk garatuko dira, gai izango direnak auto ilarak aurreikusteko eta hiritarrei ibilbide azkar eta seguruagoak eskaintzeko. Asmoa da, bestalde, aurrera egitea denbora errealeko komunikazio ekosistema baterantz, ibilgailuak ez daitezen izan elementu isolatuak eta informazioa partekatu dezaten elkarrekin, beste garraiobide batzuekin eta oinezkoekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke