Tentu, doako aldizkari elektroniko pertsonalizatu eta irekia

2015ko Abendua 23,

Sakelako, tablet eta ordenagailuetan irakurri ahal izango da Tentu aldizkaria.

Tentu proiektuaren bidez aldizkari elektroniko bat sortu dute, harpideei eduki informatibo pertsonalizatuak eskaintzeko, beren interesen arabera. Ekimen hori hainbat erakundek garatu dute elkarrekin: ISEA, Mondragon Korporazioko Ingeniaritza eta Enpresa Zerbitzuen Korporazioa, MCC Telecom, Abantail eta LKS. Oraintsu hasi dira aldizkaria kaleratzeko lehen esperimentazio probak egiten.

Tentu ekimenaren helburua da erabiltzaileei gehien interesatzen zaien informazioa eskaintzea smartphone, tablet edo ordenagailuan ikusi ahal izango den aldizkari elektroniko baten bidez. Aldizkariaren edukia (artikuluak, albisteak eta ekitaldiak) osatzeko, kontuan hartuko dute antolakundeek, enpresek, administrazioek eta pertsonek igorritako informazioa. Tentu ekimenak gaika sailkatuko ditu eduki horiek, eta argitalpenaren barruan eskainiko dizkie harpideei modu pertsonalizatuan.

Irakurleek dohainik bidal ditzakete aldizkarian argitaratzeko edukiak, eta harpidetza ere doakoa izango da, zeren bere negozio-eredua erabiltzaile bakoitzaren gustuen araberako mikro-publizitate selektiboa txertatzean oinarritzen baita. Aldizkariak askotariko gaiei buruzko informazioa emango du. Oraingoz 20tik gora kategoria daude: kirolak (saskibaloia, futbola, atletismoa edo herri-kirolak, besteak beste), politika, kultura, ekonomia, elikadura eta gastronomia, natura, osasuna, boluntariotza, e.a. Aldizkarira harpidetzen direnek gehien interesatzen zaien eremu geografikoa aukeratu ahal izango dute, bai eta edukiak euskaraz, gaztelaniaz edo bietara jaso nahi dituzten.

Tentuko lantaldeak abian jarri du lehen esperimentazio eta errendimendu proba, eta pertsona edo erakunde interesatuek dagoeneko  badute aukera harpidetzeko edo edukiak bidaltzeko. Urtearen lehen hilabeteetan eskuz editatuko da aldizkaria, baina, denborarekin automatikoki egitea espero dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke