ES | EU


2016ko Urtarrila 20


Argi dago onlineko merkataritza salmenta-kanal bat gehiago dela eta hiritarrek produktu berriak erosteko erabiltzen dutela. Beraz, saltoki komertzialentzat ezinbestekoa da Interneten presentzia izatea. Dena den, e-commerce-k ez du oraindik denda tradizionala ordezkatuko; ikusi besterik ez dago, erosketen %90 saltoki fisikoetan egiten direla oraindik. Baina aldatu egin dira teknologia berrien erabilpenarekin lotutako ohiturak: mundu fisikoaren eta birtualaren arteko norabide biko bidea da, eta saltokiak hasi dira jadanik tresna digitalen potentziala aprobetxatzen.

Denda fisikoak berrasmatu egin dira teknologia berrien bidez, besteak beste, pantaila interaktiboak erabiltzen dituzte salmenta puntuetan, bezeroei informazioa eta eskaintzak helarazten dizkiete aplikazio mugikorren bitartez, eta denbora errealeko datuak biltzeko sistemak ere baliatzen dituzte, bezeroak denda barruan duen portaera aztertzeko.  Binary Soul euskal startup-ak sektore horrekin lotutako konponbide berriak egiten ditu. “Denda adimendunaren kontzeptua lantzen dugu, eta balio estra bat ematen saiatzen gara, gainerakoengandik bereiziko duen zerbait; teknologiari esker, erabilgarritasun berriak eskaintzen ditugu”, azaldu du Carlos Cabarcos, Binary Soul enpresako sorkuntza zuzendariak. Une honetan, smart shop kontzeptuarekin lotutako hiru teknologia desberdin batzen dituen produktu bat garatzen ari dira.

Batetik, erakusleiho interaktibo bat du, keinuak ezagutzeko teknologiaz hornitutako pantaila bat, non bezeroek establezimenduari buruzko informazioa eskuratu baitezakete. “Keinu bidez funtzionatzen du, tableta bailitzan, eta 24 orduz eskaintzen ditu edukiak, denda itxita dagoenean ere bai” azaldu du Carlos Cabarcosek. Bestalde, beacon deituriko balizekin ere lan egiten du; baliza horiek sakelako telefonoetara konektatzen dira bluetooth teknologia erabiliz, eta dendari buruzko datu estatistikoak biltzen dituzte: zenbat jende dagoen, zein puntutan dagoen jende gehien, zenbat denboraz egoten diren dendan, e.a. Informazio horrekin hobeto kudeatzen da saltokiaren funtzionamendua, eta bezeroen ohiturak ezagutu daitezke gainera.

Binary Soul enpresaren smart shop sisteman bada hirugarren teknologia bat ere: geofencing deiturikoa. Beacon balizen antzekoa da, baina GPSan oinarrituta dago, eta datuak igortzen ditu inguruko dispositibo mugikorretara. Sistema horri esker informazioa eta eskaintzak bidal dakizkieke dendaren inguruan, aurrez ezarritako diametro batean, dauden bezeroei.

Sistema prototipo fasean dago oraindik, eta Bizkaiko startup-ak bezeroen premien arabera garatu nahi du produktua. Binary Soul enpresako lantaldeak dagoeneko aplikatu ditu teknologia horietako batzuk bestelako esparruetan, esaterako, industrian. Motion Box produktua, esaterako, keinuen errekonozimenduan oinarritutako hardware eta software sistema bat da, eta bere helburua da erakusketa edo prestakuntza inguruneetako makinak erakargarriago egitea.