Tabakalerak berriro zabalduko ditu bere ateak sorkuntzarekin eta kultura digitalarekin lotutako programa batekin

2015ko Abuztua 31,

tics_reaperturaTabakalera
(Español) Tabakalera

Lau urteko zaharberritze-lanen ondoren, Tabakalera eraikinak irailaren 11n zabalduko ditu bere ateak Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bihurturik. Hilaren 8tik 13ra jardueren egitarau zabala eskainiko du zentro berria ezagutzera emateko: erakusketak, bisita gidatuak, kultur ekitaldiak eta askotariko tailerrak.

Berrirekitze ofizialaren aurreko hiru egunetan hainbat topaketa egingo dira, Tabakaleraren bitartekaritza proiektua aurkezteko. Ekimen horrek zentroaren eta inguruko eragileen arteko ikaskuntza prozesu bateratuak bultzatzen ditu. Horrez gain, hainbat hitzaldi eskainiko dira sortzaileen espazioaren lan-ildo berria ezagutarazteko, eta topaketa bat antolatuko dute Ubik-ekin, Tabakalerako sorkuntza liburutegiko taldearekin.

Zentro berriak kultura digitalari buruzko jarduera mordoa ostatatuko ditu irailaren 11n eta 12an, hala nola MakeyMakey eta Arduino erabiliz bideojokoak sortzeko “H4ckU” tailerra, “How to Make – Artisau berriak” ikastaroa edota “Horkonpon”,  ezagutzak partekatuz  objektuak (etxetresna elektrikoak, dispositibo informatikoak, bizikletak, arropa…) konpontzen ikasteko topaketa. Era berean, espazioak bere lehen erakusketa aurkeztuko du: “Ikus-entzunezkoaren aldiriak – Ingurua marrazten duten puntuak”. Erakusketa horrek Estatuko eta nazioarteko 28 egileren lanak biltzen ditu.

Irailaren 14tik aurrera,  Hirikilabs-ek, Tabakalerak eta DSS2016 ekimenak bultzatutako hiritarren laborategiak, bere jarduera-egitaraua hasiko du zentrotik bertatik. Lehen ekitaldia diseinu tailer bat izango da, non espazio berrirako altzariak sortuko baitituzte kode irekia eta lan kolaboratiboa oinarritzat harturik. Irailaren 16an open source lizentziei buruzko hastapen saio bat egingo dute, lan kolektiboak sortu eta partekatzean horrelako lizentziak nola erabili aztertzeko. Bestalde, irailaren 23an eta 30ean Hirikilabs lantaldeak DIY Baratza tailerra antolatuko du, non parte-hartzaileek aukera tekniko desberdinak aztertuko baitituzte fabrikazio digitaleko teknologia irekiak erabiliz baratze txiki bat sortzeko eraikin barruan.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke