Streaming-ari esker musikaren merkatu digitalak merkatu fisikoa gainditu du lehenengoz

2015ko Uztaila 29,

spri_tics_MercadoDigitalMusical_CarlosVarela
Carlos Varelaren irudia.

2015eko lehen 6 hilabeteetan musika digitalaren kontsumoak 38 milioi euroko irabaziak sortu ditu Estatuan. Euskarri fisikoko musika salmentak, berriz, 32,5 milioi euroko irabaziak izan ditu epealdi berean. Promusicae-Espainiako musika produktoreen elkarteak eskainitako datuak dira, eta argi erakusten dute kontsumo digitaleko ereduek euskarri fisikoak gainditu dituztela lehen aldiz, %53,9 eta %46,1eko irabaziak izan dituztelarik.

Joera aldaketa honen atzean dagoen arrazoia streaming-aren, hau da, musika online entzuteko zerbitzuen goraldia da, izan ere azken urtean %40 hazi da, zerbitzu horren barruan sartzen direlarik nola ordainpeko aukerak hala publizitatedun doako modalitateak. 2014aren lehen 6 hilabeteetan streaming-ak 21,9 milioi euro sortu bazituen, 2015aren lehen erdian 30,63 milioiraino igo da zifra hori. Mota horretako zerbitzuak dira denbora tarte horretan hazi diren musikako kontsumo eredu bakarrak eta, hain zuzen ere, streaming-ari esker Espainiako industria diskografikoak datu positiboak lortu zituen 2014ko salmentetan, 12 denboraldiz jarraian beherantz egin ondoren.

Promusicae-k eginiko txostenaren arabera, CD eta vinilo salmenta ez da jaisten ari den bakarra. iTunes bezalako zerbitzuen bidez deskargatzen diren kantu eta bilduma digitalen kopurua ere beherantz doa, irabaziak 7 milioitik 6,8ra pasa direlarik azken urtean. Berdin gertatzen da sakelakoentzako produktu espezifikoen salmentarekin (tonuak esaterako); 2015eko lehen erdian 670.000 euro sortu zituzten, 2014ko epealdi berean baino %8,7 gutxiago.

Musika digitalak eta streaming-ak izan duten hazkundea mundu osoan errepikatzen ari den joera bat da. Ameriketako Estatu Batuetan, hau da, musika merkatu handienean, 2014an streaming bidezko zerbitzuen salmentak CD-enak gainditu zituzten lehen aldiz. Zenbaki globaletan, gaur egun 41 milioi lagunek ordaintzen dituzte Spotify edo Deezer bezalako plataformetarako harpidetzak, eta 2010ean 8 milioi lagun bakarrik ziren streaming-eko premium zerbitzuak erabiltzen zituztenak.

IFPI-industria diskografikoa ordezkatzen duen nazioarteko erakundeak dio musikaren negozioak merkatu berrietara hedatzen eta eredu berriak sortzen jarraitzen duela, gero eta entzulego globalagoa duelarik. 2014an salmenta digitalak %6,9 hazi ziren  aurreko urtearekin alderatuta, eta 2014an lehenengoz, industriak irabazi berberak jaso zituen kanal digitaletatik eta salmenta fisikoetatik.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke