ES | EU


2015ko Abendua 02


Otsailaren 1etik 5era egingo den Startup Europe Week astean hainbat ekitaldi antolatu dira, tokian tokiko eta eskualde mailako startup-en ekosistema sustatzeko. Europako Batzordeak bultzatzen du proiektua Startup Europe ekimenaren bitartez, eta “bottom-up” ikuspegian oinarritzen da, helburu honekin: ekintzailetza bultzatzeko zentroek, hub-ek, haztegiek eta Startup Europe ekimeneko bazkideek antola ditzatela topaketa guztiak. Ekimenaren atarian dagoeneko zabalik dago izen-emate epea Startup Europe  astearen antolatzaile izan nahi duten erakunde eta ekintzaileentzat.

Proposamen horren xedea da topaguneak sustatzea startup-ei eskura dauzkaten laguntza publiko eta pribatuen berri emateko. Startup Europe ekimenaren bultzatzaileek adierazi dute networking arloko ekitaldi asko daudela, baina eskualde aniztasuna eta tokian tokiko politikak funtsezkoak direla enpresa berriak garatzeko, eta asmoa da jardunaldietan hizpide hartzea eskualdeen papera.

Startup Europe Week astea lider bila dabil, beren hirian ekitaldiak sustatu ditzaten, eta horretarako harremanetan jarri dira tokiko agintariekin eta inguruko ekintzaile-sareekin. Trukean, astean zehar aukera izango dute beren proiektuei ikusgarritasuna emateko eta Startup Europe ekosisteman parte hartzeko. Topaketek hainbat formatu har ditzakete, baina helburu berbera izan behar dute: startup-ei laguntzeko ekintza eta programei buruzko informazio praktikoa ematea, tokiko agintarien parte-hartzea bermatuz; ekintzaileen arteko konexioak sustatzea, eta Startup Europe ekimena ezagutaraztea. Ehundik gora topaketa programatu dira Europa osoan.

Startup Europe Europar Batasunak bultzatutako proiektu bat da, IKT arloko ekintzaileen eta oinarri teknologikoko startup-en ekosistema indartzea helburu duena.

 Urtearen erdi aldera ekimenaren ataria jarri zuten martxan, startup-ak elkarrekin konektatzeko eta askotariko baliabideak eskaintzeko, besteak beste, prestakuntza ekitaldiak, topaketak edo laguntza programak.

Argazki oina: Startup Europe Week asteko ekitaldien mapa.