SmartKalea proiektuak energiaren %88 aurreztea lortu du, argiztapen adimendunari esker

2016ko Otsaila 10,

2015ean 25 saltokik eta 62 etxebizitzak parte hartu dute proiektuan.

SmartKalea proiektuaren helburua da Donostiako Alde Zaharrean elektrizitatearen eta uraren kontsumoa murrizteko teknologia adimendunak ezartzea, soluzio berritzaileak erabiliz kalean, saltokietan eta etxebizitzetan. Ekimenaren oinarria da argiztapen adimenduna, energia elektrikoaren eta uraren kontagailuak eta pertsonak kontatzeko sistemak ezartzea.

Emaitza nabarmenenak argiteria publikoan lortu dira; alor horretan energia-gastuaren % 88raino aurreztea lortu da, LED argiak, pertsonak antzemateko sentsoreak eta urrutitik kontrolatzen den sistema bat konbinatuz. Teknologia horiek Alde Zaharreko Kale Nagusian ezarri dira, eta behar den argiaren intentsitatea pertsonen presentziaren arabera doitzea lortu dute, argiztapenaren kalitateari eutsiz eta argi-kutsadura murriztuz. Sistema honen bidez, Donostia izan da bere hirigune historikoan teknologia hauek ezarri dituen Estatuko lehenengo hiria.

SmartKalea proiektuaren barruan, halaber, elektrizitatearen eta uraren kontagailu adimendunak jarri dira saltoki eta etxebizitzetan, kontsumoa monitorizatzeko. 2015ean 25 saltokik eta 62 etxebizitzak hartu dute parte, eta beren kontsumoak murrizteko aholkularitza-zerbitzu pertsonalizatua ere izan dute. Sistema honi esker, saltoki batzuek batez beste % 50 aurreztu dute elektrizitatean, eta batzuetan % 62ra ere iritsi da kopuru hori. Monitorizazioari esker, baliabideen kontsumo-ereduei buruzko datuak ere atera dira, eta horiek erabilgarriak dira aurrezteko neurri berriak ezartzean.

Kale Nagusian, San Jeronimon eta Narrikan, detekzio termikoa oinarri duten pertsonak kontatzeko sistemak jarri dira abian, eta baita ere lau saltokiren barnean; sistema horri esker ezagutu ahal izan dira pertsonen kopurua eta erabilera-ohiturak eguneko ordu desberdinetan. Kale Nagusia da joan-etorrien kopuru handiena duen kalea, alde handiarekin, eta herritarren % 38k 10 eta 90 minutu bitarte pasatzen dituzte han, erosketak egiten edo ostalaritzako saltokietan kontsumitzen.

SmartKalea proba pilotuak egiteko esparrua ere bada, hots, teknologia arloko enpresa eta startup-ek beren smart soluzio berriak ezartzeko erabiltzen duten eremua. Guztira zortzi enpresak hartu dute parte proiektuan, eta horien artean daude Dinycon, Ikusi, Uhin Energía, Enea, Mirankonta eta Aranconta euskal enpresak.

2016ra begira, proiektuak aurrera jarraitzen du, eta helburuak dira parte-hartzaileen kopurua igotzea, 30 saltoki eta 45 etxebizitza berrirekin, pertsonak kontatzeko sistema Alde Zaharreko beste kale batzuetara zabaltzea, eta eguzki-kargagailu adimenduna ezartzea gailu mugikorrentzat. Era berean, kontsumitzaileen elkarte bat ere sortuko da auzotarren eta saltokien artean, iturri berriztagarriko energia elektrikoa taldean erosteko, eta deialdi bat egingo da beren produktu berriak probatu nahi dituzten hiriko enpresa teknologikoentzat.

SmartKalea 2014an jarri zen abian, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzigoak sustatuta Donostiako Sustapenaren barruan eta sektoreko eragile garrantzitsuenak biltzen dituen SmartEnergy klusterrarekin lankidetzan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke