Smart Destination, jomuga turistiko adimendunen liburu zuria

2015ko Azaroa 17,

Txostenaren azala.

Turismoaren sektorea goitik behera aldatu da IKTekin, batez ere 2.0 weba, sare sozialak eta konexio mugikorra zabaldu direnetik. Hiri adimenduneko teknologiak turismoari aplikatuz gero berrikuntza bultzatzen da jomugetan, zerbitzu eta produktu berriak sortuz. Era berean, turistaren profila ere aldatu egin da; erabiltzaile hiper-konektatu eta exigente bihurtu da eta informazio guztia eskuratu nahi du unean bertan eta edozein tokitan.

Segittur, Berrikuntza eta Teknologia Turistikoen Kudeaketarako Estatu Elkarteak Smart Destination. Destinos turísticos inteligentes: construyendo el futuro txostena argitaratu du, eta bertan bildu ditu smart jomugetarantz aurrera egiteak dakartzan aukera eta erronkak. Argitalpenak dioenez, turismoaren sektoreko IKTei esker negozio-eredu berriak sortu dira bidaiatzeko prozesuaren hiru faseetan: hau da, bidaiatu baino lehen (jomugei buruzko informazioa ematen duten plataforma eta zerbitzuak); bidaiatu bitartean (konektatutako dispositibo mugikorren erabilera); eta bidaiatu ondoren (erabiltzaileen asebetetze maila neurtzeko eta leialtzeko sistemak).

Hala ere, jomuga adimenduna kontzeptua teknologiaz harago doa, eta beste zutabe batzuetan ere oinarritzen da: berrikuntza, sostengarritasuna -ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa- eta, besteak beste, irisgarritasuna.  Smart destination deitzen zaie “beren habitataren ezaugarri guztiekin (ingurumenekoak, kulturalak eta sozio-ekonomikoak) konprometituta dauden eta informazioa prozedura bidez atzemateko sistema adimendunak dituzten lurraldeei. Horrela, nabarmen hobetzen da esperientzia turistikoen kalitatea” azaldu dute txostenean Antonio López de Ávilak eta Susana Garcíak, Segittur-eko presidenteak eta proiektu zuzendariak.   Turismo adimenduneko estrategien bidez lortzen diren onurak ez dira bakarrik turistentzat, baita ere hiritarrentzat eta tokiko ehun ekonomikoarentzat, aberastasuna eta berrikuntza sortzen baitute.

Jesús Herrerok, Tecnaliako Turismo Merkatuko arduradunak, adierazi du “jomuga adimendunaren proiektua aukera bihurtu behar dela hiru eragile nagusientzat: hiritarrentzat (bertakoak ala bisitariak), enpresentzat eta Administrazioarentzat”. Era berean, hauxe esan du Herrerok: “jomuga adimendun batek balio behar du irtenbideak bilatzeko turismoaren sektorean oraindik konpondu gabe dauden arazo handientzat, esaterako tokian tokiko biztanleen eta bisitarien arteko harremanarentzat”.

Bestalde,  Aurkene Alzua-Sorzabalek, CICtourGUNE zentroko zuzendariak, azaldu du zein garrantzitsua den tokiko komunitatearen parte-hartzea jomuga adimendun bat garatzean: “komunitateen laguntzarik gabe, teknologia adimendunen inplementazioak ez du apenas lagunduko  tokiko biztanleen eta bisitarien arteko harremanean; are gehiago, etena handitzeko arriskua ekarriko du”.

Dagoeneko deskargatu daitekeen txosten horrek bere baitan biltzen ditu turismo adimenduneko estrategiak aplikatu dituzten lurraldeen jarduera-gidalerroak eta adibide praktikoak, sektorean inplikatutako enpresa eta erakundeen ikuspegiak eta smart tourism proiektuak bultzatzeko finantzaketa iturriak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke