Smart City World Congress ekitaldiak 2015eko konponbide berritzaileenak bilatu nahi ditu

2015ko Uztaila 23,

spri_tics_PremiosWorldSmartCity
Kongresuaren kartela.

Smart City Expo World Congress topaketak Smart City Awards sarien aurtengo edizioa abiarazi du. Nazioarteko sariketa horren helburua da hiri adimendunen arloko proiektu berritzaileenak aitortzea. Irailaren 13ra arte zabalik dagoen deialdi honek hiriarekin lotutako erronkak (energia eraginkortasuna, mugikortasuna, ingurumen sostengarritasuna, gardentasuna edota biztanle guztien bizi-kalitatea hobetzea) konpontzen dituzten eta teknologietan oinarrituta dauden ideiak bilatu nahi ditu.

Sariketaren deialdiak dioen bezala, 2050. urtean 2.800 pertsona baino gehiago biziko dira hiriguneetan, eta horrek erronka handiak dakartza hiriaren kudeaketako ia esparru guztietan. Sari hauek eta Smart City Expo World Congress topaketak ikusgarritasuna eta bultzada ematen die konponbide berritzaileenak eskaintzen dituzten eta negozioa sortzeko eta hiriko bizi-kalitatea hobetzeko potentziala duten proposamenei.

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira. Lehena, City Award, beraizik zuzendurik dago hiri adimendunarekin lotutako gutxienez bi esparrutan proiektuak edo estrategiak inplementatu dituzten hiriei, eta udalek aurkeztu behar dituzte hirien hautagaitzak. Smart City Proiektua saria martxan dauden eta inpaktu frogatua duten ekimen arrakastatsuetan zentratzen da. Ideia Berritzailearen saria, berriz,  hastapenetan dauden proposamenei zuzentzen zaie. Azken bi kategorietara aurkeztu daitezke enpresak, ekintzaileak, ikerketa zentroak, unibertsitateak, gobernuz kanpoko erakundeak edo enpresa partzuergoak. Sariak Smart City Expo World Congress topaketaren barruan banatuko dituzte, zeina Bartzelonan egingo baita azaroaren 17tik 19ra.

2014ko edizioan TelAvivek irabazi zuen hiri adimendunaren saria berrikuntza teknologikoetan oinarritutako bere hobekuntzengatik. Hiri barruti guztian WiFi seinalea dohainik eskaintzen duen munduko lehen hiria da, eta hainbat konponbide aplikatu ditu, esaterako DigiTel Resident’s Card. 13 urtetik gorako biztanle guztiek lortu dezaketen txartel bat da, zeinaren bidez posible baita zerbitzu publikoak erabiltzea (adibidez hiriko aparkalekuak) edo hiriak antolatzen dituen jarduera eta espazioetan izena ematea.

Azken edizioan Copenhagen Connecting ekimenak irabazi zuen Smart City Proiektu onenaren saria. Udalaren kudeaketarako proiektu bat da, datuak jasotzen eta denbora errealean aztertzen dituena zerbitzuak biztanleen premiei egokitzeko. Azkenik, Nigeriako Omomi proiektuak irabazi zuen ideia berritzaileenaren saria. Programa horrek haurren hilkortasuna murriztea du helburu eta aplikazio mugikorrak eskaintzen dizkie familiei beren seme-alaben osasunaren jarraipena egiteko, informazio mediko garrantzitsua jasotzeko eta beste familia batzuekin ezagutza partekatzeko eta elkarri laguntzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke