Sherpa Keynote enpresak bere laguntzaile pertsonalaren nobedadeak aurkeztuko ditu lehen mailako hizlarien eskutik

2015ko Urria 28,

Sherpa Next
Sherpa Next mugikorretarako aplikazioa

Steve Wozniak, Apple enpresaren fundatzaileetako bat, izango da Sherpa Summit ekimenean parte hartuko duen izarra. Euskal enpresak topaketa teknologiko  bihurtzen du urteroko hitzordu hori, bere azken nobedadeak aurkezteko eta nazioarteko joera puntakoenak ezagutzeko. Antolatzaileen arabera, kongresua laburra baina trinkoa izango da. Azaroaren 9an egingo dute Bilboko Campos Elíseos Antzokian, eta parte hartzeko topaketaren atarian eskatu daitekeen gonbidapena aurkeztu behar da.

Wozniak-ez gain, beste hizlari batzuek ere parte hartuko dute Sherpa Keynote topaketan: Celestino Garcíak, Samsung España enpresako presidenteordeak; Bernardo Hernándezek, Google-ko marketin zuzendari ohi eta Flickr-eko zuzendari nagusi ohiak; eta Xabi Uribe-Etxebarriak, Sherpa enpresako fundatzaile eta zuzendari nagusiak, zeinak Sherpa Next laguntzaile pertsonalaren azken nobedadeak aurkeztuko baititu. Ordu eta erdiko ekitaldi horretan baita ere parte hartuko du Carlos Latre umoristak.

Sherpa Next dispositibo mugikorretarako laguntzaile pertsonala da. Lengoaia naturala eta semantika konbinatzen ditu adimen artifizialarekin, eta hala,  informazio pertsonalizatua ematen die erabiltzaileei, beren gustu eta zaletasunen arabera. Joan den maiatzean, euskal konpainiak akordio bat sinatu zuen Samsung enpresarekin lehenengoaren Sherpa Next laguntzailea bigarrenaren dispositiboetan instalatzeko, eta horri esker, gaur egun milioi bat erabiltzaile baino gehiago ditu.

Aplikazio horrek probabilitate ereduetan oinarritutako adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen ditu, pertsonari behar duen informazioa emateko hark bilatu beharrik gabe; horretarako, machine learning sistema bat darabil, zeinak ikasi egiten baitu erabiltzailearen elkarreraginetatik, kokapenetik eta beste datu batzuetatik. Ondorioz, Sherpa irekitzean gehien interesatzen zaiona erakusten dio laguntzaileak erabiltzaileari: egingo duen eguraldiaren arabera erabili beharko lukeen arropa, bere talde gogokoenaren kirol emaitzak, bere gustuei ongien egokitzen diren eguneko aisialdi jarduerak, interesatzen zaizkion gaurkotasuneko albisteak eta beste hainbat eduki. Xabi Uribe-Etxebarriak azpimarratu duenez, Sherpa laguntzaileak behar duen informazioa emango dio erabiltzaileari eskatu beharrik gabe, eta iragarpenarekin lotutako alderdi hori da Sherpa Next beste laguntzaile pertsonal batzuetatik bereizten duen elementua; Apple enpresaren Siri, adibidez, ahots bidezko bilaketara orientatuta dago.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke