Sarenet enpresak etapa berri bati ekingo dio enpresentzako zerbitzu mugikorrak gehituz

2015ko Maiatza 19,

spri_tics_Sarenet
Sarenet enpresaren weba.

Enpresa sektorerako ahots eta datuen zerbitzu integralak ematen dituen Sarenet euskal enpresak fase berri bati ekingo dio aurten. Izan ere, 2014aren amaieran Vocento-k bere akzioen %80 saldu zizkion Lomedel inbertsio taldeari, hots, Sareneten fundatzaile den Roberto Beitiari. “Ziurgabetasun fase batetik irten berri, konfiantza betea dugu etapa honi ekiteko eta gogoz eutsiko diogu enpresa oso handiek menperatzen duten merkatu batean lehiatzeko erronkari” azaldu du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuta dagoen Sarenet enpresako egungo presidenteak.

Etapa berri honetan, linea estrategiko garrantzitsuenetako bat izango da enpresa sektoreari telefonia mugikorreko zerbitzuak eskaintzea eta horrekin osatzea komunikazio eskaintza. “Internetekin sortu ginen, hain zuzen aurten beteko dugu konpainiaren hogeigarren urteurrena; aitzindariak izan ginen eta pixkanaka eboluzionatu dugu enpresa batek behar izan ditzakeen telekomunikazio zerbitzu guztiak eskaini ahal izateko” esan du Roberto Beitiak. “Horrek esan nahi du ahots eta datu sare korporatiboei sakelakoa gehitu diegula orain”.

Zerbitzu eskaintza zabaltzea erabaki dute joera berri bat dagoelako enpresa sektorean, alegia, bulegoa sakelakora eramatea, izan ere lehen ordenagailuan bakarrik egin zitezkeen tramite asko smartphone eta tabletetan egiten dira gaur egun. “Erosoagoa da baina baita ere arriskutsuagoa, bai arlo ekonomikoan eta bai segurtasunari dagokionean” azaldu du Beitiak “bilakaera naturala da, telefonia finkoa datu-sare korporatiboan sartzea bezalaxe, horrela asko aurrezten baita. Gure helburua da bezeroei aukera ematea enpresa sakelakoan edukitzeko, segurtasun osoz eta ezkutuko kosturik gabe”.

Hogei urteko ibilbidearen ondoren, Sarenet ahots eta datu zerbitzuen hornitzaile garrantzitsuenetakoa da gaur egun eta konponbide integraletan espezializaturik dago, zeintzuek bere baitan hartzen baitituzte konektagarritasuna, sare pribatu birtualak, IP ahotsa eta zentralita birtuala, web garapena eta Data Center zerbitzuak cloud computing konponbideekin. Bizkaiko konpainia honen balore bereizgarrien artean aipatzekoak dira bezero bakoitzaren premiekiko malgutasuna eta enpresa arloko komunikazio azpiegituren gainean eskaintzen dituzten zerbitzu aurreratuen kalitatea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke