Sare sozialak gero eta gehiago erabiltzen dira enplegua bilatzeko eta talentua erakartzeko

2016ko Otsaila 25,

Hautagaien %70aren iritziz, sare sozialak alternatiba interesgarria dira enplegua bilatzeko.

Sare sozialak ez dira bakarrik komunikaziorako eta entretenimendurako espazio bat, baizik eta baita ere enplegua eta talentu berriak bilatzeko tresna bat. Lan aukeren bila dabiltzan pertsonen %83k sare sozialak kontsultatzen dituzte eta enpresen %87k langileak erreklutatzeko estrategia gisa erabiltzen dituzte.

Hautagaiek batez ere modu pertsonalean erabiltzen dituzte halako plataformak, hau da, lagunekin komunikatzeko edo eduki interesgarriak bilatzeko; dena den, %80k baino gehiagok baliatzen dituzte orobat lana bilatzeko – bai sarri eta bai aldiro-, zifra hori %35ekoa zelarik 2011n. Datu horiek Sare Sozialei eta Espainiako Lan Merkatuari buruzko 2015eko Infoempleo-Adecco txostenetik atera dira. Txostenak dio, bestalde, inkestatuen %76k CVren bat bidali duela sare sozialen bidez iritsi zaien lan eskaintzaren batera.

Linkedin da enplegua bilatzeko gehien erabiltzen den espazioa, eta alde handiarekin gainera: inkestatuen %72k aukeratu dute sare hori, Facebook du atzetik %56rekin, eta, Twitter azkenik, %38ko portzentajearekin. Azterlanak halaber dio onlineko ospearen inguruko kezka handitzen ari dela, izan ere, 3 hautagaitik 2k kontuan hartzen dute enpresek ebaluatu egin dezaketela zer argitaratzen duten beren profiletan.

Enpresek ere gero eta usuago erabiltzen dituzte halako tresnak langile berriak bilatzeko eta hautaketa prozesuak egiteko. Konpainiek batez ere enplegu atarietara jotzen dute –kasuen %95ean-, baina sare sozialak dira beren bigarren aukera, Giza Baliabideetako arduradunen %87k maiz edo aldiro kontsultatzen baitituzte talentuak erreklutatzeko.

Inkestak dioenez, enpresek oraindik ez dute jarraibide argirik sare sozialen bitartez enplegatu berriak bilatzeko, inkesta egin dutenen %60k adierazi baitu ez dutela argibiderik edo borondatezko aukera bat dela. Dena den, konpainien %71k aurreikusita du 2016an halako plataformak erabiltzea langile berriak bilatzeko.

Sare sozialek badute beste erabilpen nagusi bat Giza Baliabideetako profesionalen artean, hautagaien onlineko ospea ebaluatzeko erabiltzen dutelako. Enpresen %70ek balizko enplegatuen profil digitalak kontsultatzen dituzte hautagaitza jasotzean edo aurrez aurreko elkarrizketa egin aurretik. Batez ere erabiltzen dituzte hautagaiaren ibilbide profesionala eta gaitasunak ikusteko, CVa egiazkoa den ziurtatzeko eta eurekin harremanetan jartzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke