Robotika, 3D inprimaketa eta textile hacking Gaztea Tech 2015 tailerretan

2015ko Maiatza 12,

spri_tics_gazteatech
Tailerrei buruzko foiletoa.

Uda honetan, Bilboko Udalak eta Open Espazioak berriro antolatuko dute Gaztea Tech, teknologia sortzaileen munduan sartzeko tailerrak. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra, 16 eta 25 urteko gazteek robotak programatzen, 3D erabiliz piezak diseinatzen edo arropa interaktiboa sortzen ikasiko dute.

Teknologia sortzaileak diziplina anitzeko tresna bihurtu dira, aukera ematen baitute ia edozer gauza diseinatu eta fabrikatzeko ezagutza handirik izan gabe. Posible da irudimena erabiliz eraikitzea robot interaktiboak edota osagai elektroniko integratuak dituzten arropak.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak bultzatzen du Gaztea Tech ekimena Open Espazioarekin batera, eta helburutzat dauka gazteak 3D inprimaketaren, fabrikazio digitalaren, hardware irekidun robotikaren edota arropa hackingaren munduan sartzea. Ikusirik aurreko edizioek izandako arrakasta, uda honetan hirugarren urtez jarraian antolatuko dituzte Gaztea Tech tailerrak 1990 eta 1999 urteen artean jaiotako pertsonentzat.

Jarduerak ekainaren 29tik uztailaren 3ra egingo dira eta programak aldi bereko hiru ikastaro izango ditu. Lehenengoan 3D inprimaketa digitala landuko dute eta parte-hartzaileek bertan ikasiko dute objektuak eskaneatzen, diseinatzen edo sortzen inprimagailuak eta laser ebakigailuak erabiliz. Egun horietan maker mugimenduaren inguruan sortutako filosofiaz eta komunitateez ere mintzatuko dira eta inprimatzeko objektuak eskuratu eta partekatzeko aukera ematen duten onlineko espazioak ezagutuko dituzte.

Bigarren tailerra robotikari buruzkoa da; Arduino bezalako hardware irekiko tresnak erabiliko dituzte robot interaktiboak hutsetik programatzeko. Hirugarren ikastaroan, berriz, arropa hackingaren munduan sartuko dira; parte-hartzaileek ikasiko dute nola sartzen diren arropa eta osagaietan argiak edo sentsoreak bezalako dispositibo elektroniko txikiak.

Tailerretan izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 14tik 19ra arte eta izen-ematea Bilboko Udalaren webean bertan edo 944 010 010 telefonoan egin daiteke. Gaztea Tech programak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere badu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke