Q-epea kongresuan bertatik bertara erakutsiko dira Administrazioetako kudeaketa aurreratuko jardunbide egokiak

2016ko Martxoa 21,

Q-epea, Euskadiko erakunde publikoen sareak antolatu du Kongresua.

Maiatzaren 19tik 21era Administrazio Publikoetako Kudeaketa Aurreratuari buruzko kongresua egingo da Kursaal Jauregian. Topaketak helburutzat du maila lokalean, autonomikoan, Estatuan edo nazioartean dagoeneko aplikatzen ari diren esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea. Asmoa da gogoeta egitea administrazio publikoen kudeaketa hobetzeko etorkizuneko erronka nagusien inguruan.

Kudeaketa publikoarekin lotutako hainbat esparrutako arduradun publikoek eta adituek parte hartuko dute kongresuan. Bi egun horietan hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatuko dira hainbat gairi buruz: hala nola, lidergoa, komunikazioa, berrikuntza IKTen bitartez, etika publikoa, eta gardentasunerako eta informazio publikoa argitaratzeko tresna berritzaileak.

Topaketan, Jardunbide Egokien Saria banatuko da. Sariketa hori beren proiektuak partekatu nahi dituzten Euskadiko edo Estatuko antolakunde publikoei zuzentzen zaie. Ekimenak aurkezteko epea apirilaren 3an bukatzen da eta kongresuko web orriko formularioaren bidez egin behar da. Iazko irabazlea izan zen WhatsApp bidez hiritarrei arreta emateko Mataróko Udaleko zerbitzua.

Jardunaldi hauen asmoa da Estatu osoko erreferente bihurtzea, administrazio publikoetako kudeaketa aurreratuari buruzko esperientziak eta metodologiak partekatzeko. Jardunaldien antolatzailea Q-epea taldea da, kudeaketako bikaintasunarekin konprometitutako Euskadiko erakunde publikoen sarea, zeina 2002an jarri baitzen martxan. Talde horretan daude, besteak beste, EUSKALIT – Bikaintasunaren Euskal Fundazioa, Eusko Legebiltzarra, Hiru Foru Aldundiak, Euskadiko hainbat udal, UPV/EHU, SPRI, eta Euskadiko beste organismo eta enpresa publiko batzuk.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke