PYM enpresak ikus-entzunezko eduki kudeatzaile bat garatu du 4.0 industriarentzat

2015ko Urria 05,

spri_tics_PYMgestionIndustiral
PYM eduki kudeatzailearekin produktu industrialen prestakuntza eta mantenimendu zerbitzuak pertsonalizatu daitezke.

PYM euskal enpresak tresna bat sortu du bideo, audio eta testu edukiak modu sinkronizatuan kudeatzeko, eta horren bidez sektore desberdinetan prestakuntzako zerbitzuak eta balio erantsia eskaintzeko. Plataforma hori mugikorretarako nahiz weberako aplikazio batean (Practice Your Music) oinarrituta dago. Konpainiak musika arloko prestakuntza emateko garatu zuen aplikazio hori, baina ikusirik nolako potentziala duen beste esparru batzuetan,  zabaltzea erabaki dute: “gutxi dira ikus-entzunezko artxibo kopuru handiak modu sinkronizatuan kudeatzeko aukera ematen duten tresnak, eta beraz, ikusi genuen hor bazegoela aukera bat” azaldu zuen Aitor Alzibarrek, PYMeko zuzendari nagusiak.

Lehen proiektua Gurutzetako Ospitalearekin batera garatu dute. Paziente kronikoei eta haien senitartekoei prestakuntza emateko zerbitzu bat da, audioz eta testuzko edukiz hornitutako bideo tutorialak eskaintzen dituena hizkuntza desberdinetan. Lantalde medikoa edukiak definitzen ari da, etorkizun hurbilean zerbitzua pazienteei ematen hasteko.

Dena den, PYM enpresaren iritziz, industria arloan izan dezake potentzial handiena. Izan ere, eduki kudeatzaile hau oso baliagarria izan daiteke langileei makinei buruzko prestakuntza emateko, lan arriskuen prebentziorako edo produktuei balio erantsia emateko salmenta ondorengo mantenimendu zerbitzu modura. “Ez dugu demorik egiten, benetako makinak eta beren prozesuak grabatzen ditugu, eta hala, zerbitzuak enpresa bakoitzaren premia pertsonalizatu eta esklusiboak asetzen ditu” azaldu du Aitor Alzibarrek. PYMek Suitzako multinazional batekin sinatu duen akordioari esker, azaroan hasiko dira prestakuntza-zerbitzu berri bat sortzeko grabaketak egiten, hango lan egiteko modua enpresak Bizkaian duen egoitzako langileenganaino eramateko.   Industriaren sektoreko beste hainbat enpresarekin negoziatzen ari dira. “Gure ustez zerbitzu hau oso interesgarria da konpainia multinazionalentzat, informazioa eta ezagutzak leku batetik bestera eramateko premia asetzen duelako” adierazi du Alzibarrek.

Practice Your Music 2013aren amaieran merkaturatu zen musika ikasteko aplikazio gisa. Aplikazio horrek aukera ematen du bideoak eta piezak interpretatzen dituzten benetako musikariak sinkronizatuta kudeatzeko. Hala, erabiltzaileak aukera du bistaratzea pertsonalizatzeko, partiturak kontsultatzeko, eta, besteak beste, instrumentu desberdinak isilarazteko. Plataformak Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke