Produktu digitalen Internet bidezko negozio mugagabea

2015ko Urria 06,

spri_tics_jornada inter
Ihardunaldiaren momentu bat.

“Joera da eskaria heldu ahala saltzea, stock-ik gabe. Eduki digitalek aukera ematen digute horretarako”, esan du Diego Rodríguezek SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean. “Gero eta gehiago kostatzen zaigu produktu bategatik ordaintzea. Baina gero eta errazagoa da esperientziengatik ordaintzea”.

Internetek negozio-esparru mugagabe bat dauka zabalik. Diego Rodríguezek, zeinak 15 urtetik gora baitaramatza publizitatearen sektorean,  produktu digitalak Internetez saltzeko dauden aukera ugariak azaldu ditu SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatutako jardunaldi batean.

“Joera da eskaria heldu ahala saltzea, stock-ik gabe. Eduki digitalek aukera ematen dute horretarako”, esan du Rodríguezek, negozio-nitxo berriak bilatzera animatuz. “Pertsonak aldatzen ari gara: gero eta gehiago kostatzen zaigu produktu bategatik ordaintzea. Baina gero eta errazagoa da esperientziengatik ordaintzea”. Adibidetzat  jarri ditu ondasunak alokatzen dituzten enpresak, esaterako, “jai baterako poltsa bat erosi beharrean, poltsa hori astebeterako alokatzea; edo Ferrari bat alokatzea bi ordutarako Puerto Banusen aberatsa zarela pentsarazteko; musika kontzertu baten zati bat alokatzea…”.

Dioenez,  gaur egun esperientziak produktuak baino hobeto saltzen dira. “Jendeari ez zaio interesatzen telebistako programa batean ikastea nola egiten den sushi-a, nahiago du lagunekin batera bertatik bertara ikastea eta horren truke ordaintzea”.

Rodríguezek esan du ondasun digitalak ez direla bakarrik Internetez bidaltzen direnak, baizik eta posible dela fisikoki kontsumitzen diren ondasun digitalak saltzea. “Posible duzu Pdf formatuan dagoen liburu bat inprimatzea, badago teknologia horretarako. Kontua ez da ale asko inprimatzea, horretarako badagoelako inprimategia”. Enpresa batzuek era guztietako pdf dokumentuak saltzen dituzte Internetez, esaterako erakusten dizutenak “nola egin paperezko mozorro bat Halloween egunerako”. “Batzuek egiteko gauzak saltzen dituzte. Egongo dira enpresa batzuk zer nahi dugun huraxe fabrikatuko dutenak. Bitartekariaren figura desagertzen ari da”.

Bere ustez, etorkizunean produktuak pertsonalizatuagoak izango dira eta adibidetzat jarri du 3D inprimagailu baten bidez haurrak eskatutako formarekin prestatutako litxarreriak momentuan saltzen dituen denda bat.

“Jendea doan lekura joatea da garrantzitsuena produktu digitalak saltzeko”. Liburuak saldu nahi baditut, Amazon-en egon behar dut”. Liburu bat edo dokumental bat saldu nahi duenak, hainbat aukera ditu. Liburu ale edo bideo gutxi batzuk saltzeko, paypal-era jo dezakegu, esan du adituak.

Rodríguezek dioenez, lan merkatuan, lanbide digitaletan, garrantzitsuena harreman-sarea da eta bakoitzak menderatzen duen horretan zentratzea. “Lana ez dago ohiko lekuetan. Orain big data-n dago, datuen prozesamenduan, lagunekin egiten dugun elkarretaratzeetan. Eta diziplinen arteko nahasketan: esaterako, kimikariak eta sukaldariak elkartzea. Eneko Atxa sukaldariak bazkari batean esan zuen nola bezero batek aipatu zion plater bat dastatzean belarraren usainaz gozatu nahiko lukeela. Mahaikide batek esan zion Atxari hori erraza dela, ozonoa besterik ez dela behar. Eta Atxak plater hori prestatu zuen belar usain eta guzti”.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke