Ostiralean Gamegune 2015 hasiko da, Hearthstone bideojokoko munduko gamer onenekin

2015ko Azaroa 18,

Gamegune2015

Ostiral eta larunbat honetan, Bilboko Guggenheim museoan hamabosgarren Gamegune lehiaketa gauzatuko da, Estatuko bideojokalari profesionalen txapelketa nagusia. E-sport lehiaketak ‘Hearthstone: Heroes of Warcraft’ bideojokoan munduko onenen artean dauden 16 jokalari bilduko ditu; besteak beste, Top10ean dauden lau gazte. Interesa duten herritarrek partidak doan ikusteko aukera izango dute eserlekuak bete arte. Saioa streaming bidez ere ikusi ahalko da, bost hizkuntzatan, eta antolatzaileek Internet bidezko emankizuna milaka pertsonek ikustea espero dute. Ekimena cosplayer profesionalek girotuko dute, bideojokoko pertsonaia bilakatuko baitira bilkurarako diseinatutako jantzi bereziekin. Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du Gamegune, eta babesleak Euskaltel eta SPRI Taldea dira

Gamegune 2015, espainiar Estatuko e-sport txapelketa garrantzitsuena, ostiral honetan hasiko da, eta munduko gamer onenetariko 16 elkartuko ditu. Partidak Bilboko Guggenheim museoan gauzatuko dira, eta giro bikaineko ikuskizuna izango da. Pantaila erraldoia, eszenatoki ikusgarria eta cosplayer profesionalak izango dira topaketan, bilkurarako diseinatutako jantzi bereziekin. Gainera, bost caster (e-sporteko esatariak) izango dira, ostiralean eta larunbatean jokatuko diren partidak transmititzeko, jokoa aztertu eta saioak animatuz.

Ekimenak pizten duen interesa dela eta, kanporaketak streaming bidez jarraitu ahal izango dira, mundu osoan dauden milioika zaletuek partidak zuzenean ikusteko aukera izan dezaten. Partidak gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta errusieraz transmitituko dira. Antolatzaileek Internet bitarteko emankizuna milaka pertsonek ikustea espero dute, iaz Gamegune 2014 txapelketako partidak, streaming bidez, 50.000 lagunek ikusi baitzituzten. Aurten kopuru hori gainditzeko aurreikuspena dute.

Hamabosgarren urtez burutzen den Gameguneko protagonista izango da Blizzard Entertainment konpainiak garatutako ‘Hearthstone: Heroes of Warcraft’ jokoa. Mundu osoko 30 milioi jokalari baino gehiagok parte hartzen dute karta-joko birtualean, estrategia eta zoria bateratuz. Interneten ikusle gehien dituen estrategia-jokoa da, munduko  bideojoko-ikusleen %11 erakartzen baitu.

Euskaltel Konekta Fundazioak antolatutako eta Euskaltelek SPRIrekin batera babestutako ekitaldi honek ateak irekiak izango ditu, interesa duten guztiak partidez eta giroaz gozatzera gertura daitezen. Ostiralean, hilak 20, 15:00etan hasiko da lehiaketa, eta larunbatean, goizeko 10:00etan ekingo zaie partidei. Kasu bietan, eserlekuak bete arte sartzeko aukera izango da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke