Oraindik sasoiz zaude parte hartzeko: irailaren 18an bukatuko da mugikorretarako aplikazio onenak aukeratzeko GipuzkoApps lehiaketa

2015ko Iraila 04,

tics_GipuzcoApps2015
GipuzkoApps 2015 lehiaketak 6.000 euro banatuko ditu saritan

Gipuzkoako Foru Aldundiak GipuzkoApps txapelketaren 2015eko edizioa abiarazi du, smartphone eta tabletentzako azken urte honetako garapen onenak saritzeko. Lehiaketaren helburu nagusia da enpresa-sare teknologiko lehiakorra sortzea Gipuzkoan, mugikorretarako aplikazioen sorrera bultzatuz. Guztira 6.000 euro banatuko dira saritan.

Txapelketa hau Gipuzkoako enpresa nahiz startup-ei eta ekintzaileei zuzendurik dago, baina parte hartu nahi dutenek sakelako edo tabletetarako aplikazio bat garatua izan behar dute 2014ko martxoaren 31z geroztik. Aplikazioek gutxienez euskaraz erabiltzeko aukera eman behar dute, eta lehiaketara aurkezteko  ekimenaren atarira jo beharko dute, irailaren 18era arteko epea dagoelarik horretarako.

Guztira hiru sari banatuko dira; lehena 3.000 eurokoa, eta bigarrena eta hirugarrena 2.000 eta 1.000 eurokoak hurrenez hurren. Lehiaketaren webak dioenez, epaimahaiak bereziki baloratuko ditu app parte-hartzaileen erabilgarritasuna, diseinua eta berrikuntza, eta baita negozio eredua ere. Halaber, kontuan hartuko dute smart city eta industria 4.0 inguruneetan aplikatu ahal izatea.

Aurtengo hau GipuzkoApps sarien 3. edizioa da.  Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak bultzatzen du ekimena, IKTen sektoreko enpresa eta ekintzaile gipuzkoarrei mugikorretarako aplikazioen  garapenaren munduan sartzen laguntzeko. Txapelketak era berean ikusgarritasuna ematen die Gipuzkoan sortutako aplikazioei, eta Gipuzkoako talentu ekintzaile eta teknologikoa bultzatzen du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke