Open Ispilu: datu irekiak islatzen dituen ispilua

2016ko Urtarrila 26,

Open Ispilu gailuaren bidez, ispilu arrunt bat pantaila informatibo pertsonalizatu bihurtzen da.

Irontec software ingeniaritzako enpresak eta The Makery berrikuntza eta prototipoen laborategiak elkarrekin garatu dute Open Ispilu proiektua, datu irekietan oinarritutako informazio baliagarria ematen duen ispilua. Gailu hori prototipo bertsioan dago oraindik, eta eduki pertsonalizatuak eskaintzen ditu kokapenaren arabera, hala nola eguraldia, garraiobideak eta albisteak. Administrazio publikoaren espazioetan, saltokietan, aisialdi zentroetan nahiz etxean erabiltzeko pentsatuta dago.

Ideia sortu zen, asmoa zelako gailu bat sortzea eta gailu horren bidez Open Data Euskadi ekimenaren datu irekiak modu interaktibo eta erakargarrian bistaratzea. Proiektua kode irekiaren filosofian oinarritzen da, hala, software eta hardware libreko tresnak eta fabrikazio digitaleko prozesuak baliatzen ditu.

Irontec enpresa bizkaitarrak garatu du softwarea, Open Data Euskadi ekimenaren datu bildumak erabiliz. Dispositiboa Raspberry PI batean oinarritzen da eta gailu horri GNU / Linux sistema eragile bat eta node JSdun zerbitzari bat instalatu zaizkio, azken hori arduratzen delarik sistema osoa kudeatzeaz. Bestalde, The Makery laborategiak ispilu prototipoa eraiki du 50‘’ko telebista batetik abiatuta. Lantaldeak zurezko karkasa bat egin du gailua inguratzeko, eta ispilu espia bat ere instalatu du, datuak bistaratu ahal izateko.

Open Ispilu gailuak informazio meteorologikoa, garraioei buruzkoa, ekitaldi interesgarriena eta albisteak eskaintzen ditu, baina sare sozialak ere integratzeko prestatuta dago. Horrela, txioak edo Facebookeko albisteak erakutsiko ditu, esaterako, saltoki bati buruz, edo toki zehatz bateko hiritarrei interesatzen zaizkien gaiei buruz. Lantaldea lanean ari da hobekuntza gehiago integratzeko, esaterako, iBeacon teknologia, zeinak erabiltzailearen dispositibo mugikorrarekin konektatuko lukeen ispilua, informazio pertsonalizatua eskaintzeko. Bestalde, keinu bidezko interakzio sistema bat ere ezar dakioke, sakontasuna detektatzeko 3D sentsore (Kinnect) baten bidez.

Open Ispilu gailua Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Datu Irekien Berrerabilpen Sarietarako aurkeztu dute. Izan ere, deialdi horren helburua da Open Data Euskadi ekimenak eskaintzen dituen datu-multzoetan oinarritutako aplikazio berritzaileen sorkuntza sustatzea.

Open Ispilu, The Makery laborategiko prototipoa



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke