Open Educa, kode irekiko tresnak hezkuntzarako

2016ko Otsaila 10,

Jardunaldia IITUEko eraikinean izango da, San Mamesen.

Datorren otsailaren 24an, Bilbon, “Open Educa” jardunaldia egingo da, hezkuntza-arlorako diseinatu diren software libreko ezagupenak eta tresnak elkarbanatzeko topaketa. Egunean zehar, ikastetxe eta institutuetan jada ezartzen ari diren proiektuak aurkeztuko dira IKTek eskaintzen dituzten aukeren erakusgarri, bai hezkuntza-prozesuak hobetzeko eta baita ikastetxeen funtzionamendua hobetzeko ere.

Topaketa EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolan izango da. Antolatzaileak IITUE eta Ingeos kode irekiko informatika-ingeniaritzako soluzioen enpresa dira. Jardunaldiaren asmoa da kode irekiko soluzio berriak ezagutzera ematea, haiek erabiltzen ari diren enpresen eta zentroen eskutik.

Tumaker 3D inprimagailuak fabrikatzen dituen euskal enpresa bat da. Gainera, hezkuntza-arlora bereziki bideraturiko ildo estrategikoa ere badu, eta teknologia hauek ezartzeko prestakuntza nahiz ikasleek beren proiektuak elkarbanatzeko online plataforma eskaintzen ditu. Jardunaldian 3D inprimaketak ikasgelan eskaintzen dituen aukerez hitz egingo dute. Bestalde, Creativitic Errioxako enpresak hezkuntza-arloko bere produktuak erakutsiko ditu, errealitate handituan eta birtualean oinarritzen direnak.

Halaber, “Open Educa” topaketan aurkeztuko dira, batetik, Sphiral ikastetxeetarako sare sozial pribatua, jada Bilboko Madre de Dios ikastetxean erabiltzen ari direna, eta, bestetik, Prometec Arduino kitak saltzeko plataforma, ezagutza-maila guztientzako tutoretzak ere eskaintzen dituena. Gainera, elkarrizketetan parte hartuko du Centros Digitales ikastetxeentzako aholkularitza-enpresak, eta teknologia digitalen erabileran oinarrituriko irakaskuntza-ereduei buruz hitz egingo du.

Ingeos enpresak Odoo Educa soluzioa aurkeztuko du, ikastetxeen kudeaketa osorako ERP softwarea. Software horrek kontabilitateari eta administrazioari buruzko funtzionalitateak nahiz kudeaketa akademikoaren arlokoak biltzen ditu. Sei ikastetxek eta Haur Hezkuntzako lau zentro pribatu eta hitzartuk osatzen duten COAS Taldeak Odoo Educa soluzioa ezartzearen inguruko bere esperientzia azalduko du.

ESLE-Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko kudeatzailea, Eunate Ramírez de Miguel, izango da topaketa aurkezteko arduraduna. Topaketa software libreko soluzioak garatzen dituzten profesional eta enpresei nahiz irakasle eta hezkuntzarekin loturiko eragileei zuzenduta dago.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke