Open Data-k 300.000 milioi euro baino gehiago sortuko ditu datozen 5 urteetan

2016ko Martxoa 01,

Azterlanak Open Data-ren onura sozio-ekonomikoak kuantifikatu ditu.

Datu publikoen irekieraren bidez irabazi ekonomikoak sortzen dira, baina baita ere sozialak eta ingurumen arlokoak. Ekonomikoak, aukera sortzen delako negozio eredu berriak eratzeko, enpresek datu horiek erabil baititzakete produktu eta zerbitzu berriak sortzeko. Sozialak eta ingurumen arlokoak ere bai, Open Data-k gobernu ekintzen gardentasuna hobetzen duelako, zerbitzu publikoen eraginkortasuna handitzen duelako, eta aukera ematen duelako baliabideak modu adimentsuagoan erabiltzeko balio duten aplikazioak sortzeko.

 

Joan den azaroan Europako Batzordeak European Data Portal plataforma jarri zuen martxan, datu publikoen irekiera bultzatzeko. Proiektu horren barruan egin da baita ere Creating value through Open Data – Study on the impact of re-use of public data resources txostena, non zenbakitan jarri baitira datuen irekierak datozen 5 urteetan sor ditzakeen irabaziak. Txosten horren arabera, Open Data merkatua %37 haziko da 2016-2020 urteen artean, eta 325.000 milioi euro inguruko zenbateko metatua sortuko du. Gainera, datu publikoen irekierak 25.000 enplegu berri sortuko ditu epealdi berean, 100.000 enplegatu egongo direlarik Open Data-rekin zuzenean lotutako esparruetan.

 

Txostenak orobat kalkatu du datu publikoak berrerabiliz sor daitekeen aurrezkia, eta ondorioztatzen du 28 herrialde kideek 1.700 milioi euroko aurrezkia metatu dezaketela 2016 eta 2020 artean. Eraginkortasuna hobetuko da zerbitzu publikoetan, mugikortasunean, eta energia baliabideen erabilpenean, eta horrek kostuak murriztuko ditu.

 

Digital Agenda for Europe erakundearen argitalpenak mugikortasunarekin lotutako hiru adibide jartzen ditu datu publikoak irekiz lor daitezkeen irabaziak erakusteko: aparkatzea errazteko eta auto-ilarak saihesteko aplikazioei esker, gidariek 629 milioi ordu aurreztuko dituzte (ordu kopuru hori 27.000 milioi euroren baliokidea da); errepideko mugikortasunaren kudeaketa integratuak %5,5 murriztu ditzake trafiko istripuengatiko heriotzak; aldi berean, zerbitzu horiekin nabarmen murriztuko lirateke auto-ilarek eragindako CO2 isuriak, eta kontuan izan behar da arazo horren kostua Europako BPGaren %1 adinakoa dela.

 

Azterlana eskura dago Digital Agenda for Europe erakundearen atarian, eta Europako hainbat herrialdetan martxan dauden eta datu irekiak berrerabili dituzten aplikazio eta zerbitzuen adibide ugari biltzen ditu. Era berean, argitalpenak Estatu kideak aztertzen ditu datuen irekierari dagokionez eta informazioa ematen du datu publikoen irekiera bultzatzeko martxan dauden Europako estrategiei buruz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke