Open Data Euskadik 2 lehiaketa jarriko ditu abian datuen berrerabilpenaren potentziala erakusteko

2015ko Ekaina 25,

spri_tics_OpenDataEuskadiConcursos 2
Open Data Euskadi.

Open Data Euskadik, Eusko Jaurlaritzako datu publikoak eskuratzeko atariak, bi lehiaketa antolatuko ditu irailetik aurrera, bere katalogoaren barruan liberatutako datu-multzoetan oinarritutako ideia eta aplikazioak garatzeko. Deialdi horiek Herri Administrazio eta Justizia Sailak bultzatu ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin lankidetzan, eta helburutzat dute datu publikoen berrerabilpena bultzatzea hiritarren, enpresen eta era guztietako antolakundeen artean.

Irailean zabalduko da Datu Irekiak Berrerabiltzeko Ideia Lehiaketan parte hartzeko epea, eta bertara aurkeztuko dira zerbitzu, proiektu edo aplikazio bat (weberako edo sakelakorako) sortzeko proposamen orijinalak, Open Data Euskadi katalogoko edo Euskadi.eus web orriko beste guneren bateko datu-multzoak erabiltzen dituztenak. Datu horiek beste iturri ireki batzuetakoekin konbinatu ahal izango dira, eta epaimahai batek ideia baliagarri eta berritzaileenentzako lehen eta bigarren sariak emango ditu, 2.000 eta 1.000 eurokoak hurrenez hurren.

Bestalde, Datu Irekien Berrerabilpen Lehiaketa urrian egingo da, eta kasu honetan aurkeztu beharko dira iturri bezala gutxienez Open Data Euskadi katalogoko datu-multzo bat erabiltzen duten zerbitzuak eta aplikazioak (weberako edo sakelakorako). Garatutako proiektuak publiko orokorraren esku jarriko dira web orrian eta aurkeztutako proposamenen artean 3.000 euroko lehen sari bat eta 2.000 euroko bigarrena banatuko dituzte.

Urtearen azken hiruhilekoan hainbat prestakuntza-saio egingo dira aplikazioak sortzeko datuak berrerabili nahi dituzten programatzaileentzat. Ikastaro horiek SPRIren bitartez egingo dira Donostian, Zamudion (Bizkaia) eta Miñaon (Araba).

Open Data Euskadi Eusko Jaurlaritzaren proiektu bat da, eta bere helburua da bere esku dauden datu-multzoak irekitzea hirugarrenek berrerabil ditzaten. Ekimenak lau helburu nagusi ditu: datuetan oinarritutako produktu berriak sortuz aberastasuna sortzea; administrazio publikoaren gardentasuna ahalbidetzea; administrazio desberdinen datuak erabiliz hiritarrentzako baliagarriak diren zerbitzuak sortzea eta, azkenik, administrazioaren eraginkortasuna sustatzea.

Berrerabiltzeko datu-multzoen katalogo zabala eskaintzeaz gain, Open Data Euskadin badaude baita ere eredutzat har daitezkeen hainbat proiektu, argi frogatzen dutenak datu horiek potentzial handia dutela zerbitzu eta aplikazio berriak sortzeko. Horietako bat da Euskal Sense, DeustoTech zentroak sortutako kontsultarako mapa, airearen eta uraren kalitateari buruzko informazioa ematen duena; eta baita ere Daia Intelligent Solutions, profesional eta partikularrentzako ureztapen gomendatzailea edo Kulturklik, kultur ekitaldiak bilatzeko aplikazioa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke