Nuria Oliver telekomunikazioko ingeniariak irabazi du III. Ada Byron Saria

2016ko Otsaila 24,

Nuria Oliver erreferentziazko ikerlaria da informatikan eta adimen artifizialean

Deustuko Unibertsitateak antolatutako Emakume Teknologoaren Ada Byron sariketako epaimahaiak hirugarren edizio honetako irabazlea jakinarazi du: Nuria Oliver, ikerlaria eta Telefónica I+D zentroko zuzendari zientifikoa. Saria martxoaren 9tik 11ra egingo den Forotech–Ingeniaritza eta Zientziaren Astearen barruan emango da.

Nuria Oliver telekomunikazioko ingeniaria da, MITen egin zuen doktoretza eta une honetan ikerketa talde bat zuzentzen du Telefónicako I+G zentroan. Nazioarteko erreferentziazko ikerlari horrek esperientzia zabala du adimen artifizialeko teknologietan, giza portaeraren eredu konputazionaletan, makina-pertsona arteko elkarreraginean eta Big Datan. Bere ibilbide profesionalean zehar, 9.300 aldiz aipatu da bere izena mundu osoko argitalpen zientifikoetan.

Aurtengoa Ada Byron sarien hirugarren edizioa da. Sariketa horren helburua da Estatuko emakume teknologo garrantzitsuenen lana ikusaraztea eta, aldi berean,  arlo profesional zientifiko eta teknologikoen alderako bokazioa piztea emakumeen artean. Montserrat Meya (adimen artifizialeko aditua) eta Asunción Gómez (teknologia semantikoen ikerlaria) izan ziren lehen bi edizioetako sarituak. Saria 3.000 eurokoa da eta ondoko hauen laguntzarekin antolatzen da: FECYT, Banco Sabadell Fundazioa, Emakunde, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Innobasque.

Saria martxoaren 9an emango da Forotech ekitaldian, emakumeek zientzian eta teknologian duten paperari buruzko jardunaldian. Eztabaida bat egingo da “Emakumeak zientzian edo zientzia emakumeekin?” izenburupean, non hizpide izango baitituzte lanbide zientifikoetan emakumeen presentzia sustatzeak dakartzan erronkak eta konponbide posibleak.

Ingeniaritza eta Teknologiaren Asteko egitarauan badaude beste ekitaldi batzuk ere, hala nola fabrikazio adimendunari, smart datari edota kultur ondarearen eraldaketa digitalari buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak. Jardunaldiak dirauen hiru egunetan, proiektu teknologikoen erakusketa bat egongo da ikusgai Unibertsitateko klaustroan eta publikoari irekia izango da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke