Nola eskuratu IKT arloko Europako laguntza milioidunak

2015ko Urria 29,

spri_tics_infodays tics
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu da zein den Horizon 2020 funtsak eskuratzeko modu onena. Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Europako programa handiena da. Programa honen lehenengo urtean, 2014an, IKT arloko euskal enpresek 6,3 milioi euroko laguntzak jaso zituzten eta arrakasta-tasa %12,1ekoa izan zen. “Programa askotan parte hartu beharrean, espezializatu egin behar dugu eta irabazten ahalegindu. Euskadik badu alderdi on bat, teknologi zentroek enpresak erakartzen dituztelako”, adierazi du CDTIko Fernando Martínek.

 2007eta 2013 bitartean, 176 proiektutan parte hartu zuten IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) arloko 72 enpresek 69,2 milioi euro lortu zituzten laguntzatan. Laguntza horiek VII. Programa Markoaren bidez esleitu ziren, baina 2014an indarrean sartu zen Horizon 2020, ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Europako programa handiena eta 2014tik 2020ra bitartean 80.000 euro banatuko dituena. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak), Innobasque-k eta Beazek astelehen honetan antolatutako jardunaldi batean azaldu da nola eskuratu IKTekin lotutako Horizonte 2020 programako Europako funtsak.

Parte-hartzaileak bat etorri dira esatean egoki ikusten dutela diru-laguntzek lehentasuna ematea merkatuan negozio bihurtu daitezkeen proiektuei, ikerketan bakarrik zentratu beharrean.

Hemendik eta abendura bitartean antolatuko diren sei jardunaldietatik hirugarrena izan da; denak egingo dira EAEko hiru lurraldeetan eta beren bitartez azalduko da nola eskuratu sektore hauetako laguntzak: Osasuna; Garraio Adimenduna, Ekologikoa eta Integratua; Klimaren aldeko Ekintza, Ingurumena, Baliabideen eta Lehengaien Eraginkortasuna, eta Elikagaien Segurtasuna, bioekonomia, nekazaritza, itsasoko eta itsasertzeko ikerketa.

SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanerak esan duenez, Horizonte 2020 programak “bere baitan integratzen ditu lehenbizikoz fase guztiak, hasi ezagutzaren sorkuntzatik eta merkatutik hurbilen dauden jardueretaraino”. Gogoratu du programa handinahitsu honen bidez %20 finantzatzen dela eta “aurrekontu handiena bi milioi euro” dela proiektuko.

Programaren lehenengo urtean, 2014an, euskal erakundeek ia 90 milioi euroko laguntzak jaso zituzten eta euskal ETEek ia 15 milioikoak, azpimarratu du Cobanerak.

Fernando Martínek, Ekonomiako Ministerioaren menpeko CDTI-ko ordezkariak, hainbat aholku eman dizkie IKTen sektoreko enpresei beren proiektuek diru-laguntzak eskuratu ditzaten.  “Gero eta garrantzitsuagoa da aurkezten den proposamenak konpromiso industrial bat barne hartzea eta helburuak industria arlokoak izatea. Ikuspegi hori txertatzen ez bada, salbuespenak salbuespen, ezinezkoa izango da proiektua diruz laguntzea. Eta Europako Batzordeak berrikuntza eta sormena bezalako alderdiak ere baloratzen ditu”.

“Espezializatu egin behar dugu”

Martínek esan du diru-laguntzak emateko orduan arlo hauetako proiektuak  lehenetsiko direla: Big data, segurtasuneko teknologia, 5G sarea, teknologia robotikoak eta zibersegurtasuna edo nanoelektronika, baldin eta konpromisoa hartzen bada Europan fabrikatzeko. CDTIko ordezkariak adierazi du iaz IKT arloko euskal enpresek 6,3 milioi euro jaso zituztela laguntzatan, eta arrakasta-tasa %12,1ekoa izan zela, Espainiako batez bestekoa baino handiagoa. “Programa askotan parte hartu beharrean, espezializatu egin behar dugu eta irabazten ahalegindu. Euskadik badu alderdi on bat, teknologi zentroek enpresak erakartzen dituztelako” esan du Martínek eta ohartarazi du ezinbestekoa dela benetako datuak aurkeztea. “Proiektu batzuk bertan behera utzi dira aurrekontu puztua aurkeztu dutelako”.

Deustuko Unibertsitateko Diego López Ipiñak proiektu europarrak ebaluatzen ditu 2011tik eta azaldu du ebaluatzaileak oso sektore desberdinetakoak direla eta elkar osatzen dutela. Ebaluaketa prozesuan kanpoko hiru ebaluatzaile daude (proiektu handietan bost ere bai) eta beste bat adostasuna lortzeko. Moderatzaile batek ere parte hartzen du, EBko kide bat izaten da eta bere zeregina da betekizunak betetzen direla bermatzea, eta baita ere superrecorder delakoak, zeinak goitik behera irakurtzen baitu azken txostena oniritzia eman baino lehen”.

López Ipiñak esan du “oso zaila dela bidezkoa ez den ebaluazio bat egitea. Proposamena ona bada, aukerak izango ditu. Ez dut sekula ikusi onartua izan den proposamen txarrik”.

Jardunaldian baita ere parte hartu dute Europako laguntza horiek eskuratu dituzten enpresetako ordezkariek. IKT arloko 240 enpresa biltzen dituen Gaia klusterreko Begoña Benitok esan du Horizon 2020 programan “parte-hartze eta lehia handiagoa” dagoela eta espezializatzera animatu ditu enpresak, arrakasta izan dezaten diru-laguntzak eskuratzeko orduan. 12 langile baino ez dituen gamifikazioaren arloko Ikasplay enpresako Joanes González de Txabarrik esan du aurreko programan hiru proiektu aurkeztu zituztela eta ez zutela arrakastarik izan, baina “Horizon 2020″ programan jada lortu dutela proiektu batentzako diru-laguntza. Proaktiboki jokatu dugu eta teknologi zentroen eta aholkularitzen aholkuak jarraitu ditugu”. Parte-hartzaile guztiek onartu dute harremanetan jarri beharra dagoela beren proiektuentzako laguntzak jaso dituzten enpresekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke