Muskizek aplikazio bat sortu du hiritarrek intzidentziak bidal ditzaten

2016ko Otsaila 02,

Muskizeko Línea Verde aplikazioarekin posible da bat-bateko mezuak bidaltzea.

Muskizko udaletxeak aplikazio mugikor bat kaleratu du, harreman zuzena izateko muskiztarrekin espazio publikoaren eta ingurumenaren kontuetan. Sistema honi esker intzidentziak bidal ditzakete edo kontsultak egin,  zuzenean iritsiko direlarik dagokien udal departamendura.

Aplikazioak Línea Verde du izena, eta dohainik deskargatu daiteke Android edo iOS sistema eragileak dituzten dispositiboetarako. Aplikazioa irekitzean, erabiltzaileek menu batean aukeratu behar dute jakinarazi nahi duten intzidentzia. Intzidentzia horiek hainbat arlotakoak izan daiteke: argiztapen publikoa, zaborra, hiriko altzariak, bandalismoa, animalia abandonatuak, eta beste hainbat. Abisu bat bidaltzeko nahikoa da arazo mota aukeratzea eta aipamen txiki bat idaztea. Zerbitzuak automatikoki detektatzen du kokalekua, eta  aukera ematen du argazkia eransteko intzidentzia ilustratu nahi bada.

Hortik aurrera,  udal arduradunei helarazten zaie jakinarazpena, eta haiek dagoeneko hartu dute konpromisoa erabiltzaileei informazio puntuala emateko, bai abisuan aldaketaren bat egin delako, bai konpondu delako. Informazio hori  aplikazioaren bitartez bidaliko diete. Jakinarazpen-sistema hori webaren bidez ere erabil daiteke, baldin eta herritarren batek ez badauka smartphone-rik edo nahiago badu intzidentziak ordenagailuz bidaltzea.

Zerbitzu honen helburua da Udalaren eta herritarren arteko norabide biko komunikazioa ahalbidetzea, dispositibo mugikorrek eskaintzen dituzten bat-batekotasuna eta geo-kokapenerako aukerak aprobetxatuz. Hala ere, udalak berdin mantenduko ditu arazoak jakinarazteko edo kontsultak egiteko orain arte erabili izan diren kanalak, hots, telefonoa eta bertara joatea.

Muskizeko Línea Verde aplikazioak bat egin du Euskadiko udal askok jada hartua duten ohitura batekin, alegia, dispositibo mugikorrak erabiltzea hiritarrek ikusitako intzidentzien berri jasotzeko, hala egiten baitute, esaterako, Amurrion, Donostian (Donostiarron Postontzia) eta Derion (Kalezaindu).

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke