ES | EU


2016ko Urtarrila 05


Bizkaiko Foru Aldundiak eta MassChallenge azeleragailu estatubatuarrak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta haren barruan abiarazi dute MassChallenge-Biscay 2016 lehiaketa, enpresa berritzaile berriei zuzendutako deialdia.

Txapelketa hori aukera bikaina da hautatutako startup-entzat, posible dutelako azeleragailuaren urteroko lehiaketan parte hartzea, eta beraz, baita ere haren nazioarteko ekintzaile-, inbertitzaile- eta aditu-sarearekin harremanetan jartzea. Deialdia zabalik egongo da urtarrilaren 19ra arte.

Urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra lehen erronda bat egingo dute, finalerdietara pasako diren 20 startup-ak aukeratzeko. Otsailaren bigarren astean, berriz, MassChallenge Biscay ekimenak lehiaketa bat antolatuko du Bilbon, eta hortik aterako dira 10 proiektu finalistak, zeintzuek boot camp ikastaro bat egingo baitute Bostonen martxoaren 6tik 11ra. Programa hori azelerazio prozesu bat da, zeinetan Bizkaiko startup-ek aukera izango baitute Bostoneko ekintzailetza-ekosisteman sartzeko, prestakuntza saioak jasoz eta inbertitzaile sareak ezagutuz.

Boot camp hori amaitzean, hiru talde aukeratuko dira MassChallenge 2016 lehiaketaren finalerdietarako, eta aukera izango dute azeleragailuaren nazioarteko programan sartzeko.  Maiatzaren amaieran jakinaraziko dituzte 128 startup finalistak, mundu osotik etorritako parte-hartzaileen artetik aukeratuko direnak.

MassChallenge (Boston) mundu osoko berrikuntza azeleragailu garrantzitsuenetako bat da, eta helburutzat du potentzial handieneko startup-ei laguntzea ekintzailetza-gunez osatutako nazioarteko sare baten bidez. MassChallenge-Biscay lehiaketa antolatzeko akordio bat sinatu zen urrian Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailarekin, zeinaren helburua baita sareak sortzea munduko ekintzailetza- eta berrikuntza-gune nagusiekin.