Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada jokoak irabazi du euskal bideojoko onenaren saria AzPlay lehiaketan

2015ko Azaroa 30,

Bideojokoa abenduaren 17an kaleratuko dute Nintendo 3DS kontsolarentzat.

Delirium Studios estudioak euskal bideojoko onenaren saria irabazi du Bideojoko Independenteen AzPlay Nazioarteko Lehiaketan Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada jokoarekin. Plataforma- eta puzle-joko bat da, datorren abenduaren 17tik aurrera merkatuan izango dena Nintendo 3DS kontsolarentzat.

Von Sottendorff baroia giltzapetuta dago bere adimen nahastuak sortutako etxe handi batean. Jokalariak aristokratari lagundu beharko dio bere oroimena berreraikitzen eta buru-argitasuna berreskuratzen. Horretarako, gela askoko labirinto bat zeharkatu beharko du iraganeko sekretuak azaleratuko dituzten giltzak aurkitzeko.  Von Sottendorff-en munduan zortzi mundu desberdin eta 200 gela daude; jokalariak batetik bestera mugitu beharko ditu Rubik kubo batean bezala, baroia gelaz gela joan dadin eta bakoitzean planteatutako erronkak gainditu ditzan.

Bideojokoa bost urteko lanaren emaitza da. Lantaldeak arreta berezia eskaini die ikusizko zein soinuzko giroei, eta 40 profesionalek parte hartu dute garapen prozesu horretan. Arturo Monedero, Delirium Studios estudioko zuzendari sortzaileak azaldu bezala, “mekanika orijinala du eta, horrez gain, jokoaren ikusizko alderdia eta musika oso garrantzitsuak dira”, “Deliriumen indar guztia baliatu dugu alde grafikotik eta soinu aldetik eszenatoki zaindua sortzeko, Los ríos de Alice jokoan egin genuen bezalaxe”. Garapen prozesuan zehar eskuz marraztu dituzte jokoan agertzen diren 200 gelak, eta soinu bandarako Daniel Tejerina konposatzailearen laguntza izan dute, zeinak 70eko hamarkadako mikrofono halofoniko bat erabili baitu 360 graduko angeluan hiru dimentsiotako soinuak erreproduzitzeko. “Kaskoekin jokatuz gero, pertsonaia bat entzungo duzu zure belarrira xuxurlaka, eta baita ere musika zure inguruan mugitzen” azaldu du Arturo Monederok.

Los delirios de Von Sottendorff y su mente cuadriculada jokoaren trailerra



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke