Kontsumitzaileen erdiak smartphone eta wearable-ak erabiliko ditu mugikor bidezko ordainketak egiteko 2018an.

2015ko Abendua 29,

Gartner aholkularitzaren ataria.

Mugikor bidezko ordainketak asko hedatu dira, besteak beste, Estatu Batuetan, Japonian eta Mendebaldeko Europako zati handi batean. Gainera, Gartner aholkularitzak eginiko azterlan baten arabera, bi urte barru smartphone edo wearable gailuak erabiliko dira salerosketa horien erdiak egiteko.

Mugikor bidezko ordainketak egiteko beste bi modu ere badaude gaur egun: banku edo kreditu txartel hornitzaileen diru-zorro mugikorrak eta enpresa eta markek eskainitako diru-zorro mugikorrak. Gartner aholkularitzako analistek adierazi dute Near Field Communication (NFC) teknologia bidezko ordainketak mugatuta egongo direla, epe labur eta ertainera behinik behin, ez baitute akordiorik lortu saltokien eta finantza erakundeen artean. Halaber, kontuan izan behar da dispositibo propioarekin lotutako ordainketa bideek ez dutela izango lainoan oinarritutako konponbideek adinako harrerarik, azken horiek askoz jende gehiagorengana iristen direlako.

Datu horiek guztiak aholkularitzak teknologia pertsonalei buruz eginiko Predicts 2016 azterlanean jasota daude, non beste joera batzuk ere nabarmentzen baitira. 2018an, telebistako edukien %75 aplikazioetan oinarritutako zerbitzuen bitartez kontsumituko dira. Merkatu helduetan hiritarrek baztertu egin dituzte ordainpeko telebista kate tradizionalak, eta Netflix gisako zerbitzuak lehenetsi dituzte. Fenomeno hori gero eta gehiago hedatuko da datozen urteetan, eta hala, ordainpeko telebista hornitzaileek horrelako zerbitzuen funtzionaltasunak egokitu beharko dituzte lehiakor izaten jarraitu nahi badute.

Beste aurreikuspen batek dio 2019an merkatu helduetako erabiltzaileen %20k baino gutxiagok erabiliko dituztela datuetan bakarrik oinarritutako konexio mugikorrak. Hala ere, datuetan oinarritutako konexio mugikorrek aukera handiak dakartzate merkatu gorakorrentzat, non erabiltzaileek aurre-jarrera hobea baitute tablet eta ordenagailuak sare mugikorretara konektatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke