Koha-ri buruzko Estatuko lehen topaketa Tabakaleran

2015ko Azaroa 18,

Koha liburutegiak kudeatzeko software libreko lehen sistema da.

Koha liburutegiak kudeatzeko kode irekiko sistema bat da. 1999an sortu zenetik asko zabaldu da mundu osoko unibertsitate, dokumentazio zentro eta liburutegi sareetan. Koha erabiltzaileen komunitate global bat ere bada, zeinaren helburua baita tresna etengabe hobetzea. Azaroaren 19 eta 20an sare horretako kideak Donostian bilduko dira, Kohaference topaketan. Jardunaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan antolatuko direnak, Estatuko lehen ekitaldia izango dira erabiltzaileentzat eta liburutegiak kudeatzeko sistema honetan interesatuta daudenentzat.

Bi egunetan zehar Koha-ri buruzko hitzaldiak, proiektu aurkezpenak eta tailer praktikoak egingo dituzte, berau erabiltzen ikasteko. Paul Poulain-ek, BibLibre enpresaren fundatzaileak eta Koha sistemaren garatzaileetako batek, parte hartuko du lehen jardunaldian. Software libre hau darabilten liburutegiek beren esperientziak partekatuko dituzte, esaterako Galiziako Liburutegi Publikoen Sareak, Estatuko Administrazio Nagusiko liburutegiek eta Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiak.

Bigarren egunean tailerrak izango dira nagusi, eta parte-hartzaileek Koha erabiltzen ikasiko dute. Azkenik, Koha España mapa ekimena aurkeztuko da. Bere helburua da software horretan oinarritzen diren Estatuko proiektuei ikusgarritasuna ematea, Koha España Komunitatea eraiki ahal izateko. Topaketan zehar espazio bat sortuko dute liburutegien kudeaketarako sistemaren inguruko esperientziak, erronkak eta premiak partekatzeko eta baita ere proiektu desberdinen artean parte-hartze sareak bultzatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke