ES | EU


2015ko Ekaina 22


Garikoitz Fullaondok 25 urtetik gorako esperientzia du futbolaren munduan, eta besteak beste, hiru urte egin zituen Bilboko Athletic Clubeko metodologiako zuzendari bezala. Garikoitz Kimet Sport aholkularitzaren fundatzaileetako bat da eta aholkularitza horretan lantaldeak berak garatutako kirol metodologia aplikatzen dute. Konpainiaren proiektu berritzaileena Kimet Planning aplikazio adimenduna da, non metodologia hori txertatu baitute. Estatuko lehen mailako futbol entrenatzaileek jada erabiltzen dute aplikazio hori eta Estatu Batuetako, Arabiar Emirerrietako, Mexikoko eta Italiako taldeetara ere zabaldu da. Kimet Sport aholkularitzak SPRIren laguntza jaso du Hobeki Digitala programaren bitartez.


 

Nola sortu zen Kimet Sport sortzeko ideia?

Futbolaren munduan urtetan lan egin dugun hiru lagun elkartu ginen. Bilboko Athletic Clubeko etapa amaitu ondoren, ikusi genuen bazegoela premia bat kirolaren merkatuan, ez baitago metodologiarik. Beste diziplina batzuetan liburu bat dago etapa bakoitzerako, baina futbolean eta oro har kirolean ez daukagu metodorik, eta are gutxiago gaika sailkatuta. Guk metodo bat sortu genuen bere garaian eta harekin sartu ginen Athletic-en, beraz, kirol arloko aholkularitza metodologiko bat sortzea erabaki genuen eta tresna informatiko propio bat garatzea, buruan geneukan guztia han sartzeko. Hala, mundu osora irits gintezkeen, gure aholkularitza-zerbitzuak munduko edozein herrialdetako errealitatera egokituz.

Zer eskaintzen du zuen aplikazioak?

Futbolerako diseinatutako web aplikazio bat da, baina beste kirol batzuetara egokitzen ari gara. Entrenatzaileentzat eta klubentzat pentsatutako tresna bat da. Oso baliagarria da entrenatzailearentzat, entrenamendu programa guztiak garatzen dizkiolako bere errealitatearen arabera. Entrenatzaileak kategoria, kirolarien maila, zikloak, eta abar aukeratu ditzake, eta hortik abiatuta tresnak ziklo banaketa bat ematen dio, jakiteko zein egunetan zer landu behar duen eta zein ariketa egin behar dituen. Hau da, proposamen metodologiko bat da, gero entrenatzaileak aldatu eta bere egin dezakeena. Horrez gain, aukera ematen du saioak, partiduak, estatistikak, eta abar kontrolatzeko. Tresnak prestakuntza eta optimizazio prozesuarekin zerikusia duen guztia barne hartzen du, eta gainera metodologiaren zati bat gure know-how-an oinarrituta dago.

Badago antzeko tresnarik?

Une honetan ez dago munduan kirola planifikatzeko barne logika duen beste tresnarik. Horixe da aplikazioaren balio berritzailea, eta izan duen arrakastaren gakoa.  Metodologia eta adimena ditu atzean, eta horri esker denbora optimizatzen laguntzen du. Aste osoko entrenamendu saioak inprimatu daitezke 2 minutuan askoz jota, eta Excel programa darabilen entrenatzaile batek gutxienez 30 minutu behar ditu saio bakoitza planifikatzeko. Gainera, ezagutza eta prestakuntza inplementatzen ditugu, metodorik ez daukan jendeari metodo bat ematen diogulako. Ez da erraza izan, hiru urte behar izan ditugu garatzeko eta beste urte eta erdi barne logika sortzeko, baina leialtze portzentajea %96koa da eta horrek esan nahi du tresna ona sortu dugula.

Orduan baliagarria da kirol arloko ezagutzarik ez daukan jendearentzat ere?

Jakina. Pentsa eskolan futbolean jokatzen duen 10 urteko semea duzula. Eskolan ez diote entrenatzaileari ordaintzen, boluntarioekin betetzen den kargua delako, eta entrenatzaile horrek ez dauka ideiarik ere metodologiari buruz. Aplikazioan sartzen bada, eta taldearen adina, maila eta egutegia sartzen baditu, tresnak berak esango dio zer egin behar duen. Hala, ezagutzarik izan gabe ere kalitatezko prestakuntza eskaini diezaieke taldeko neska-mutilei. Balio du baita ere taldearen kontrola eramateko eta txostenak egiteko, zeren ikastolan hiruhileko bakoitzean notak jartzen dira, baina kiroletan ez da ohikoa halako txostenak egitea. Gure tresna erabiliz unean bertan osatzen dira halako txostenak, aldagai ugari kontuan hartuz: entrenamenduetara joatea, errendimendua, lesioak…

Non ari dira erabiltzen?

Akordio garrantzitsuena da Estatuko futbol federazioarekin duguna, zeinari esker lehen mailako, bigarren mailako eta bigarren B mailako entrenatzaile guztiek baitute tresna hau. Beste herrialde batzuetako (hala nola Estatu Batuetako, Arabiar Emirerrietako, Suitzako, Mexikoko, Italiako, Errusiako…) entrenatzaileek ere badarabilte.  Ez dugu egin hedapen ekintza komertzialik, orain  ari gara horretan, eta nazioartekotzeko plan estrategiko bat daukagu datorren denboraldirako. Estatuko egituran finkatzen ari gara eta nazioartera irekitzen hasi gara.

Zuen asmoetako bat tresna hau beste kirol batzuetara hedatzea da, zeinetara zehazki?

Kimet-en bi balore garrantzitsu dauzkagu. Lehenengoa aplikazio informatikoa da, eta bigarrena metodologia. Futbolerako sortu dugun metodoa oso kontrastatuta daukagu mundu osoko oinarriko eta eliteko klubetan. Orain beste kirol diziplina batzuetako metodologiak dauzkan jendea behar dugu, eta hori da kostatzen ari zaiguna. Badauzkagu ezagutzak, eta uste dugu dakigunarekin nahikoa izan daitekeela, baina mundu mailan kontrastatuta dauden metodologiak nahi ditugu. Akordioak lortu ditugu hainbat erakunderekin eta harremanetan gaude Euskadiko elkarteen federazioarekin, proiektuak abiarazi nahi ditugulako lau federaziorekin: saskibaloikoa, eskubaloikoa, karatekoa eta areto futbolekoa. Nazioartekotze kanpaina martxan jarri eta futbolaren egituran indartu ondoren, gure asmoa da areago haztea beste metodologiekin.

Zer ekarpen egin dizue SPRIren Hobeki Digitala programak?

Nagusiki bi arlotan lagundu digu. Lehenik eta behin, primeran etorri zaigu injekzio ekonomikoa; diru horri esker aplikazioaren animazioa hobetu dugu, flash formatuan baitzegoen eta orain html5-era pasa baitugu. Eta bigarrenez, norbaitek zure proiektua bermatzen badu, seinale bide onetik zoazela.  Erakunde publikoetatik jaso dugun laguntzak (bai SPRIkoa eta bai BEAZekoa) bultzada bat eman digu jakiteko aholkularitza arloan nondik jo behar genuen, zeren enpresa bat martxan jartzean ohartzen zara zeure arloa ongi ezagutu arren ez dakizula ezer enpresa baten sorkuntzari buruz, eta horretarako oso lagungarria da aholkularitza izatea.