“Jacobo” espainiarra Firebat estatubatuarrari gailendu zitzaion emozioz beteriko Gamegune 2015 txapelketa finalean

2015ko Azaroa 23,

gamegune-final_spri
Gamegune

‘Hearthstone: Heroes of Warcraft’ jokoko munduko bideojokalari onenak lehian aritu ziren Bilboko Guggenheim Museoan instalatutako eszenatokian. Milaka pertsonek jarraitu zuten Gamegune 2015eko fase finala. Munduan ospe handia duten gamer-ek, besteak beste ‘AKAWonder’ espainiarrak eta ‘Firebat’ estatubatuarrak bideojokalari profesional bilakatzeak dakartzan erronkak aztertu zituzten, baita industriaren etengabeko hazkuntza ere

Jacobo Sánchezek irabazi zuen Gamegune 2015 nazioarteko bideojokalarien txapelketa. Emozioz beteriko finalak 3 eta 2 amaitu zuen,  Hearthstone: Heroes of Warcraft  jokoko munduko rankingean laugarren postua duen James “Firebat” Kostesich estatubatuarrari gailendu zitzaion Jacobo Sánchez espainiarra.

Stonetemplars taldeko Jacobok lehiaketan munduko Top 10 zerrendako 4 jokalariren aurretik geratu zen, bere ibilbideko une arrakastatsuenetarikoa lortuz.  Bukaerara arte gogor jokatu behar izan zuen azken aurreko errondan Jan ‘Ek0p’ Palys alemanari aurrea hartzeko.

Bestalde, Team Archon taldeko Firebat amerikarrak finalaurrekoetan irabazi zion faboritoen artean zegoen eta Alemaniako SKGaming taldeak fitxatu berri duen Esteban ‘AKAWonder’ Serranori.

Finalean, sasoi onean daudela erakutsi zuten Firebat eta Jacobo gazteek, Guggenheimeko entzunaretoan elkartu ziren dozenaka jarraitzaile sutsuen aurrean.

Garaileak 12.000 euro eskuratu zituen, eta lehiakideak, berriz, 6.000. Aurre-finalistek,  AKAWonder eta Ek0p jokalariek, aldiz, 3.000 euro lortu zituzten bakoitzak, eta 300 euro jasoko zituzten bosgarren eta zortzigarren postuetan sailkatu zirenek.

 

On line harrera oso ona

Gamegune 15 zaletuen harrera oso ona lortu zuen, Guggenheim Museoan gauzatu zen fase finaleko partidetara ikusle ugari bertaratu baitziren. Gainera, kanporaketak streaming bidez transmititu ziren, eta mundu osoko milaka jarraitzaile konektatu ziren Hearthstone: Heroes of Warcraft jokoan munduko jokalari onenetariko 16 elkartu dituen txapelketa ikustera. Espainiako bideojokoen industria Europako beste herrialde aurreratuenen atzetik badago ere, sektorea indartzen ari dela iritzi dute hainbat gamer-ek, eta urte batzuen buruan Alemania, Norvegia eta Suedia bezalako estatuek daramaten abantaila murrizteko aukera dagoela adierazi dute.

Munduko jokalari nabarmenetarikoak izan dira Esteban ‘AKAWonder’ Serrano, Alemaniako SKGaming taldeak fitxatu berri duena, eta Ameriketako Estatu Batuetako James “Firebat” Kostesich, Archon Team-eko kidea. Azken hori Hearthstone jokoan munduko txapelduna izan zen 2014an, eta egun laugarren dago nazioarteko rankingean.

AKAWonder gazteak nazioartera salto egin du, espainiar Estatuan burututako zenbait txapelketa irabazi ostean. Urte eta erdi eskas darama jokalari profesional moduan, eta aurten Suediako Dreamhack Summer lehiaketa ospetsuko finalaurrekoetara iristea lortu du. Hearthstone-eko gamer onena da Espainian, eta xakeko  jokalari gisa duen esperientziarekin lotzen du bideojoko honekin izandako arrakasta, 6 urterekin hasi eta 16 urte bete arte aritu baitzen mahai-jokoa praktikatzen. Garai hartan uste zuen “xakera jokatzen pasa nahi zuela bizitza osoa”, baina bideojokoek gehiago erakarri zuten. Hala ere, mundu biak lotuta daudela deritzo, probabilitateen kalkulua oinarri baitute: “Hearthstone jokoan 90 segundo eskas dituzu erabakiak hartzeko, aldagai kopuru handia kontuan hartuz”, azaldu du.

Profesional mundura “naturaltasunez eta plazerez” sartu da. Hiru suediar jokalarirekin bizi da Berlingo “gaming house” batean. “Eguneko 24 orduak Hearthstone-i buruz hitz egiten, praktikatzen, estrategiak prestatzen eta matematika-kalkuluak egiten pasatzen dute”. Horrez gain, Alemaniako SKGaming ekipoak matematikari baten zerbitzuak eskaintzen dizkie, jokalari bakoitzak prestatutako karta-sorta bakoitzaren eraginkortasuna aztertzeko, aurkarien analisia eginez.

Espainiar jokalariak dio erraztasun handiak eskaintzen dizkiotela jokoan fokatzeko, eta profesional gisa aritzeak negozio aukera asko eskaini dizkiola onartu du. Esate baterako, babesle indibidualak lortzea. Alemanian kirol elektronikoetako jokalariek sona handia dutela jakinarazi du, eta horri esker kontsumo masiboko produktuak iragartzeko aukerak eskaintzen dizkietela.

Bere aburuz, Alemania, Suedia, Norvegia eta pareko herrialdeek daramaten abantaila murrizteko, gaming sektoretik kanpo dauden erakundeen eta enpresen inplikazioa behar da. “Euren promoziorako aukera bikaina dela” konturatu beharko liratekeela dio. Gainontzeko alderdiak, ordea, ondo daudela uste du: “txapelketa onak ditugu bertan, ekimen asko eta zale ugari”.

Bestalde, Team Archon taldeko James “Firebat” Kostesich bideojokoen munduko izar handienetarikoa da. Egunero, milaka zaletuk jarraitzen dituzte bere Youtube-eko kanalera igotzen dituen lau edo bost orduko partida komentatuak. Gamegune 15ean, munduko rankingean duen laugarren postua mantentzeko lehiatzen ari da.

Firebat-ek uste du arrakasta lortzeko ezinbestekoa dela jokoa “benetan maitatzea” eta egunero ordu askoz entrenatzea. Txapelketen aurretik, gainera, denbora asko ematen du lehiakideak aztertzen, alternatibak analizatzen eta bere taldekideekin estrategia egokia asmatzen.

AEBetako gazteak uste du gaming-ak hazten jarraituko duela datozen urteetan, eta ikusleen kopurua milioika hazten ari dela gogorarazi du. Zehazki, aisialdiaren munduan fakturazio gehien lortzen duen industria da hau, musikaren eta zinemaren aurretik.

Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du Gamegune, eta babesleak Euskaltel eta SPRI Taldea dira

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke