Iruñeak bat egin du Datuen Kazetaritzako Jardunaldiekin Hacksanfermin antolatuz

2015ko Maiatza 26,

spri_tics_PeriodismoDatos2015
Topaketaren antolaitzaleak.

Open Knowledge Foundation erakundeak hirugarren urtez jarraian antolatuko ditu Datuen Kazetaritzako Jardunaldiak. Topaketa horietan lankidetza eta ezagutza trukea bultzatzen dira datu irekietan oinarritutako proiektu berriak sortzeko. Ekitaldia ekainaren 2tik 7ra egingo da aldi berean Madrilen, Bartzelonan, Almerian eta Iruñean, azken horrek ere bat egingo baitu jardunaldiekin aurten lehenbizikoz. Iruñean #hacksanfermin hackatoia egingo dute topaketaren barruan, eta horrez gain, datuen kazetaritzari buruzko hitzaldiz eta tailerrez osatutako egitaraua eskainiko da.

Jardunaldiak askotariko profilei zuzenduta daude: komunikatzaileei, programatzaileei, diseinatzaileei edota datuen kazetaritzaren munduan murgildu eta datu irekien multzoak erabiliz istorioak eraiki nahi dituen edonori.  Topaketak iraungo dituen sei egun horietan hitzaldiak eta workshop praktikoak egingo dituzte lau hirietan, bai tresnak partekatzeko, bai eta dagoeneko martxan dauden proiektuak ezagutzera emateko. Jardunaldien barruan, bestalde, hackatoiak ere antolatuko dira, non diziplina anitzeko lantaldeek aplikazio mugikorrak, bistaratzeak, bideojokoak edo kazetaritzako istorioak sortuko baitituzte datuetan oinarriturik.

Iruñean #hacksanfermin garapen maratoia egingo dute, aurten bigarren edizioa duen ekitaldia, baina lehen aldiz egingo dena Datuen Kazetaritzako Jardunaldien barruan. Parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte datu irekiak erabiliz Iruñearekin eta San Fermin jaiekin lotutako askotariko aplikazioak garatzeko. Asmoa da datuak, baliabide grafikoak eta kode irekia liberatzea, esparru desberdinetako profesionalen arteko lankidetza sustatzeko. Irabazleek, besteak beste, 6 hilabeteko beka bat jasoko dute Telefónica Fundazioaren Think Big programan sartzeko.

Bestalde, ekainaren 2tik 6ra hitzaldiak eskainiko dira Iruñeko Kondestablearen Jauregian hainbat gairi buruz: kazetaritza mugikorra, ikus-entzunezko informazioaren datuak bistaratzea, hedabide sozialak eta datuen kazetaritzarako tresna libreak. Jardunaldi hauen bultzatzailea Open Knowledge Foundation erakundearen Espainiako kapitulua da. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, hiritarren jabekuntzarako datuak eta ezagutza irekitzea helburu duena.

“Jornadas Periodismo de Datos 2014”



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke