Irisbond enpresak dispositibo mugikorrak begiradaren bidez kontrolatzeko teknologia aurkeztuko du Mobile World Congress topaketan

2016ko Otsaila 23,

Sistema horrek begien mugimendua monitorizatzen du dispositibo mugikorra kontrolatzeko.

Irisbond enpresa gipuzkoarra startup-entzako 4YFN azokan parte hartzen ari da egunotan, Bartzelonan otsailaren 22tik 24ra egingo den Mobile World Congress topaketaren barruan. Bertan aurkeztuko ditu Eye Tracking teknologiarekin egin dituzten azken garapenak, zeintzuek aukera ematen baitute dispositibo mugikorrak (smartphone eta tabletak) begiradaren bidez kontrolatzeko.

Sistema horren bidez posible da testu-mezuak edo txioak idaztea begiekin, begien mugimendua erregistratzen delako dispositiboko webcam baten bidez. Teknologia hau ezintasun larriak dauzkaten pertsonei zuzenduta dago nagusiki.  Irisbond startup-ak beste produktu bat ere aurkeztu du 4YFN azokako standean: Irisbond Primma, enpresaren produkturik zaharrena. Software eta hardware multzo bat da, aukera ematen duena Eye Tracking teknologiarekin ordenagailuak kontrolatzeko. Sistema horri esker, erabiltzaileek hainbat gauza egin ditzakete soilik begiak mugituz: Interneten nabigatu, aplikazio sozialak edo ofimatikakoak erabili edota inguruan dituztenekin komunikatu.

Irisbond enpresak 2013an merkaturatu zuen Primma eta une honetan nazioartekotze prozesuan murgilduta dago, bai Ipar eta Hego Amerikan, bai Europan, eta baita ere Asian. Sistema hori ezintasunaren esparruan erabiltzen da batik bat, baina enpresak beste sektore batzuetan ere txertatu nahi ditu horrelako teknologiak, besteak beste, industrian, medikuntzan, edota smart cityen arloan. Baliagarria izango litzateke sektore horietan guztietan, aukera ematen baitio erabiltzaileari softwareko aplikazioak erabiltzeko eskuak libre izan behar dituen prozesuetan.

Duela gutxi, Gipuzkoako startup-ak Zero Project konferentzian ere aurkeztu zituen bere proiektu berritzaileak. Ekitaldi hori Vienan egin zen, Nazio Batuen egoitzan, eta ikaskuntza hobetzeko teknologien erabileran oinarritu zen. Irisbond enpresak EyeLearn programa aurkeztu zuen, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurren pedagogo eta senitartekoei zuzendutako jolas eta hezkuntzarako baliabide multzoa.

Irisbond enpresa 2013an jarri zen martxan Vicomtech-IK4 zentroaren laguntza teknologikoarekin, eta harrezkero hainbat sari jaso ditu Primma sistemagatik: 2014ko Toribio Echevarría saria; La Caixa Euskadiko Ekintzaile XXI saria; eta Irisgarritasun Teknologientzako 2015eko Sofía Erregina saria.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke