Interneten izan beharreko segurtasun juridiko ezezaguna

2016ko Urtarrila 13,

spri_tics_jornada seguridad internet
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldearen jardunaldi batean erakutsi da zer egin behar den zigorrak saihesteko plataforma bat sarean plazaratzen denean. Jorge Campanillas adituak ohartarazi du  markak erregistratu behar direla produktuak eta zerbitzuak saltzeko, datuen babeserako legea bete behar dela eta argi adierazi behar direla kontratazioaren baldintzak.

 SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean antolatu duen jardunaldian argi geratu da segurtasun juridikoa dela interneteko gai ezezagunenetako bat.  Markak erregistratu egin behar dira produktuak eta zerbitzuak saldu nahi badira, datuen babeserako legea bete egin behar da, argi adierazi behar da zeintzuk diren kontratazio baldintzak eta baita ere jakin behar da sustapen komertzial masiboak ezkutuko helbideekin egin behar direla.

Jorge Campanillasek, Interneteko segurtasun juridikoaren arloko adituak, protagonizatu du jardunaldia. Jardunaldi erabat praktiko horretan argi adierazi da zein garrantzitsua den ongi ezagutzea web proiektu guztietan eragina duten alderdi juridikoak, merkatuan ongi funtzionatu nahi bada.

Jorge Campanillasek, Iurismatica bulegoko abokatu fundatzaileak, adibide argigarri bat jarri du. “Posible al da dena saltzea? Galiziako emakume batek notario baten aurrean adierazi zuen Eguzkia berea dela eta Eguzki zatiak saltzen saiatu zen EBay plataformaren bidez, baina EBay-k plataforma erabiltzea galarazi zion. Jakin behar dena da zeintzuk diren plataforma bat erabiltzeko baldintzak eta nola abusatzen duten plataformaren titularrek”.

Adituak azaldu du zein zalantza sortzen diren produktu bat Internetez komertzializatzen denean, eta nola babestu behar den edo zer egin behar den inork kopiatu ez dezan. Campanillasek esan du produktu bat Interneten plazaratu baino lehen marka erregistratu beharra dagoela. “Oso garestia da mundu osoan babestea. Baina Europar Batasunean posible da marka bat babestea 900 euroko tasak ordainduta. Sareko edozein plataformak bete behar du herrialdeko araudia, merkataritza elektronikoarena, datuen babesari buruzkoa, kontsumitzaile eta erabiltzaileena eta jabetza intelektualarena.

“Garrantzitsua da plataforma ongi aukeratzea, oso garrantzitsua delako jakitea non dauden nire datuak eta zein baldintza inposatzen dizkidaten. Eta, plataforma propio bat bada, zein akordio dugun garatzaileekin. Web bat etxe bat bezalakoa da, dena egon behar da ondo araututa”.

Baldintzak

Jorge Campanillasek adierazi du salerosketarik egiten ez duten webek ere baldintza batzuk bete behar dituztela. “Helbide bat izan behar duzu, kontakturako datuak, merkataritzako erregistroa edo elkarteena, hau da, jakin behar da nor dagoen web horren atzean. Isunik ere ezarri da datu horiek ez izateagatik. Eta baita ere legal+copyright oharra”.

Jardunaldian cookien erabilera ere aztertu da. “Cookie teknikoak badarabiltzazu ez da ezer gertatzen, baina google analytics badarabilzu, cookien araudia bete behar duzu eta, beraz, banner bat jarri behar duzu cookiei buruzko informazioa emateko, adostasuna eskatzeko eta webak darabiltzan cookie motak jakinarazteko”. Nahiz eta askotan cookiak abisu hori igorri orduko kargatzen diren, adituak azpimarratu du beharrezkoa dela aurrena baimena eskatzea webaren erabiltzaileari.

Datuen biltegiratzea ere oso kontu ezezaguna da askorentzat. Campanillasek dio Europako enpresek Europan izan beharko lituzketela beren zerbitzariak, baina Europatik kanpo badituzte datuen nazioarteko transferentzia egin behar dutela legea betetzeko.

Orobat esan du beste lege-hauste bat dela posta elektroniko bat bidaltzea beste pertsona batzuen helbideekin eta ezkutuko kopia gabe. “Wasap bidez egiten diren sustapen komertzialeko kanpainek beharrezkoa dute komunikazioak jasoko dituzten hartzaileen baimena, eta gauza bera telemarketineko kanpainek”.

Adituak azpimarratu du produktu eta zerbitzuak salerosi eta kontratatzen direnean, bezeroak posible duela inolako arrazoirik eman gabe produktua itzultzea edo zerbitzuan atzera egitea 14 eguneko epean, eta gutxienez urte biko bermea eman behar zaiola bezeroari. Laburtzeko, esan du ezen, segurtasun juridikoa egokia izan dadin, salerosten duen web batek bere baitan hartu beharko lituzkeela lege-oharra, cookien politika, pribatutasun politika, kontratazio baldintzak (atzera egiteko formularioa barne) eta copyright-a. Baita ere esan du “segurtasun neurriak izan behar dituela. Segurtasun hutsune bat badago, araudiak eskatzen digu Datuen Babeseko Agentziari jakinarazteko”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke