Interneten erabilpen seguruan hezten laguntzeko giltzarriak gurasoentzat

2016ko Otsaila 17,

Gida Zeuk Esan atarian eskuratu daiteke.

Sareak aukera paregabeak eskaintzen ditu ikasteko, sozializatzeko eta entretenitzeko, eta ohiko espazio bilakatu da gazteen eguneroko bizitzan. Hala ere, Internetek eta sare sozialek arriskuak ere badituzte, eta sarritan ziurgabetasuna eta kezka sortzen dituzte adin txikiko seme-alabak dituzten familietan.

Eusko Jaurlaritzak Internet eta teknologia berriak. Hitz egingo dugu familiartean?  gida argitaratu du, gurasoentzat errazagoa izan dadin seme-alabak Sarearen erabilpen seguruan heztea. Dokumentuak ez du egiten diskurtso alarmistarik,  aitzitik, Internetekiko jarrera positiboa eta proaktiboa sustatzen du, abantailak aprobetxatuz, baina, aldi berean, hainbat giltzarri kontuan hartuz, segurtasunez nabigatzeko eta sare sozialak modu seguruan erabiltzeko.

Gidak dioenez, gurasook badakigu zer esan seme-alabei bizitza errealeko arriskuak saihestu ditzaten kalean edo auzoan jolasean dabiltzanean. Ingurune digitalean ere aholkuak behar dituzte, baina hori zailagoa iruditzen zaigu, ez ditugulako ongi ezagutzen halako espazio birtualak. Horregatik, argitalpenak ematen duen lehen aholkua da hobeto ezagutu beharko genituzkeela tresna horiek eta baita ere nola funtzionatzen duten, adin txikikoak erabilpen egokian hezteko.

Lehenik eta behin, gidan Internetek gazteei eskaintzen dizkien aukerak aipatzen dira: informazioa eta entretenimendu edukiak, antzeko interesak dituzten beste pertsona batzuekin konektatzeko aukera eta sortzeko eta partekatzeko aukera ere bai. Mehatxuei dagokienez, berriz, informazioa eskaintzen du zenbait egoera prebenitzeko: ziber-jazarpena, sexu-jazarpena, teknologia berriekiko menpekotasuna… era berean, hainbat aholku ematen ditu arazoak goiz atzemateko eta haien aurrean nola jokatu jakiteko.

Argitalpena euskaraz nahiz gaztelaniaz deskargatu daiteke Zeuk Esan atarian. Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapeneko Zuzendaritzak kontsulta zerbitzu berri bat jarriko du martxan martxoan, familiek gidako edukiei buruzko zalantzak argitu ditzaten. Irakasleek ere erabili ahal izango dute zerbitzu hori, izan ere, iazko martxotik badute antzeko argitalpen bat, batez ere hezkuntza eta denbora libreko eremuetan zentratua: egON LINE.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke