ES | EU


2016ko Otsaila 03


2014an 8 milioi lagun inguru aritu dira lanean Informazio eta Komunikazio Teknologietako espezialista gisa Europar Batasunean. Horrek esan nahi du enplegatu kopurua milioi bat baino gehiago hazi dela hiru urtetan, eta, Eurostat-ek jasotako datuen arabera, EBko enplegu guztiaren %3,7 ordezkatzen du.

Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak azpimarratu duenez, IKTen sektoreko enpleguaren hazkundea, bereziki profilik espezializatuenena, gorantz doan joera bihurtu da azken urteotan; izan ere, gero eta digitalizatuago dagoen mundu honetan, goitik behera aldatu dira produkzio-moldeak, eta baita ere enplegu-ereduak.

Beste datu bat ere azpimarratu behar da, enpresek zailtasun handiak baitituzte IKT arloko espezialistak aurkitzeko. Ildo horretatik, konpainien ia %40k arazoak izan zituen ezagutza espezializatudun profesionalak aurkitzeko. Hain zuzen ere, Txekiar Errepublikan, Luxenburgon, Austrian eta Holandan daude zailtasun gehien. Kontrako muturrean, Espainia eta Portugaleko konpainiak dira IKT arloko aditu  profesionalak aurkitzeko arazo gutxien dituztenak.

8 milioi langile horietako gehienak gizonezkoak dira, eta guztizkoaren %80 ordezkatzen dute. Aipatzekoa da zein desberdinak diren portzentaje hori eta enplegu orokorrari dagokiona, azken horretan gizonezkoak %53,9 baitira. Enplegatuen batez besteko globalarekin alderatuz gero, goi-mailako ikasketa gehiago dituzte (%56,5 guztizkoan, %32,6 laneko merkatuan), eta gazteagoak dira gainera: IKTetako profesional adituen sektorean, langileen %37k 35 urte baino gutxiago ditu; maila globalean, berriz, Europako langileen %31 baino ez dago adin tarte horretan.

Azkenik, IKT arloko profesionalek Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian dauzkate enplegu eskaintza gehien, eta herrialde horietan kontzentratuta daude sektoreko langileen ia erdiak. Balantzaren bestaldean daude Grezia, Bulgaria eta Lituania. Espainia batez bestekoa baino apur bat beherago dago, IKTetan espezializatutako enpleguak guztizkoaren %3,1 ordezkatzen duelarik.