ES | EU


2016ko Otsaila 11


UPV/EHUren Zitek programak Ekinduz bideojokoa kaleratu du, Bizkaiko campuseko ikasleei ekintzailetza modu ludikoan hurbiltzeko tresna. Jokoa taula birtual bat da, non parte-hartzaileek askotariko galderei erantzun behar  dieten enpresa proiektuan aurrera egin ahal izateko. 2.250 euroko sariak banatuko dira bost finalisten artean.

Ekinduz programaren helburua da UPV/EHUko ikasleen artean kultura ekintzailea bultzatzea, tokiko enpresen ekosistema eta eskura dituzten tresnak ezagutzera emateko, negozio-ideia bat abian jartzea erabakitzen badute ere. Jolasa mota guztietako ikasleei zuzentzen zaie, ez bakarrik ekintzaile bihurtzeko gogoa dutenei, eta jolasteko ez da beharrezkoa aurretiko ezagutzarik izatea.

Jolasaren hasieran, erabiltzaileak aukeratu egin behar du zein motatako enpresekin lehiatu nahi duen. Hortik aurrera, taulan aurrera egingo du, ekintzaile baten eguneroko bizitzari buruzko galderei erantzunez. Jokoan ordezkaturik daude Zitek programaren barnean sortutako enpresak, eta baita ere ekintzailetzari laguntzeko programako hiru bazkide nagusiak: UPV/EHU, Bizkaiko Foru Aldundia eta BEAZ.

Ekinduz programa UPV/EHUk Bizkaian duen campuseko ikasleei zuzentzen zaie, eta fase birtualean jolasteko epea otsailaren 28an amaituko da. Hortik aurrera, sailkapenean goren dauden bost jokalariak erronda presentzialera pasako dira, eta 1.200, 600, 300 eta 150 euroko sarietako bat irabazi ahal izango dute.

Zitek programak ekintzailetza sustatzen du Bizkaiko Campuseko unibertsitate-komunitateko kideen artean, eta ikerketa akademikoan oinarritutako oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzen laguntzen du. Proiektuaren bidez instalazioak, ekipamendua eta aholkularitza eskaintzen dira negozio-ideia berriak bultzatzeko. 2001ean martxan jarri zenetik, 80 enpresa berri baino gehiago sortu dira.