ES | EU


2015ko Abendua 22


Maria Goikoak batbirulau! proiektuak irabazi du GipuzkoApps sariketaren hirugarren edizioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du lehiaketa hori, Gipuzkoako teknologia digital mugikorren sektorea bultzatzeko.

Galtzagorri elkarteak sortu du aplikazioa. Anjel Lertxundik idatzitako haur-literaturako klasikoa hartzen du oinarritzat, eta istorioarekin lotutako jolasak eskaintzen ditu, hala nola, puzzleak, memoria eta hiztegi jolasak eta 3D-ko ilustrazioak. Galtzagorrik sortutako aplikazioaren helburua da irakurketa sustatzea ume eta gazteen artean, paperaren eta mundu digitalaren arteko zubia eraikiz.

GipuzkoApps lehiaketako bigarren saria Spyrok irabazi du, CTI Soft konpainia donostiarrak sortutako aplikazio multzoak. Konponbide pakete horri esker enpresako askotariko tramiteak egin daitezke edozein tokitatik, smartphone edo tablet bat erabiliz.

Azkenik, Dinypark-PMR-k eskuratu du GipuzkoApps lehiaketako hirugarren saria. Dinycon Sistemas-ek garatu du aplikazioa, zeinak errazago aparkatzen laguntzen baitie mugikortasun murriztua duten pertsonei, denbora errealean ematen duelako inguruan libre dauden plazen berri, eta gainera, berehala detektatzen du ez dagokion norbaitek erabiltzen baditu.

GipuzkoApps lehiaketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak antolatzen du, lurraldeko ehun teknologikoa sustatzeko garatua duen bere estrategiaren barruan. 23 enpresa eta profesional aurkeztu dira guztira hirugarren edizio honetara.