Hainbat giltzarri Europan Gauzen Internet bultzatuko duen ekosistema bat sortzeko

2015ko Azaroa 04,

Alliance for Internet of Things Innovation.

AIOTI (Alliance for Internet of Things Innovation) erakundeak gomendioz osatutako hainbat txosten argitaratu ditu Gauzen Interneten oinarritutako zerbitzu, produktu eta aplikazio berrien garapena bultzatzeko. Helburua da Europako eragile guztiak integratuko dituen ekosistema bat sortzea.  12 azterlan egin dituzte, eta horietako bakoitzak aipatu teknologia horiek bultzatzearekin lotutako alderdi zehatz bat jorratzen du.

Diziplina anitzeko lantaldeek egin dituzte txostenak. Hala, industria eta teknologia sektoreetako adituak, pertsona berritzaileak eta hainbat kolektiboren eta erabiltzaileen ordezkariak elkarrekin aritu dira lanean 6 hilabetez gomendio horiek idazteko.

Argitalpenak deskargatzeko moduan daude jada, eta esan bezala, Gauzen Interneten alderdi desberdinak jorratzen dituzte. Internet of Things Applications azterlanak ikuspegi bat eskaintzen du IoT-k teknologiaren eta garapenaren inguruan dituen erronkei buruz. Eta halako teknologietan oinarritutako negozio-eredu berrien garapenerako gomendioak ere aipatzen ditu. Innovation Ecosystems lantaldeak, bestalde, aztertu du nola suspertu Gauzen Internetekin lotutako berrikuntza irekiko ekosistemak, eta IoT Standards izenekoak hainbat giltzarri bildu ditu konponbideen interoperagarritasuna bermatzeko. Prozesu honen barruan egin diren beste argitalpen batzuetan gai hauek landu dira: zahartze aktiborako konponbideak, “smart” nekazaritza, wearable dispositiboak, hiri adimendunak eta mugikortasuna, IoT teknologiek potentzial handia baitute esparru horietan zerbitzu eta produktu berriak sortzeko.

AIOTI aliantza bat da, Europako Batzordeak urte honen hasieran sortu zuena gauzen Internetekin lotutako enpresa eta eragile estrategikoekin batera, Europar Batasunari  lider izaten laguntzeko horrelako teknologietan. AIOTI gaur egun IoT arloko topagune garrantzitsuena da Europan. Elkarreragina sustatzen du halako teknologiekin lotutako eragile desberdinen artean –industria, telekomunikazioak, osasuna, nekazaritza, hiria eta beste hainbat–, Europa mailan berrikuntza indartuko duen ekosistema bat sortzeko.

Aliantza horrek helburutzat du halaber gomendioak egitea eta IoT teknologietan oinarritutako eskala handiko proiektu pilotuak diseinatzea. Proiektu pilotu horiek Horizontea 2020 Ikerketa eta Berrikuntza programak finantzatuko ditu. Eragileen sare horretan askotariko enpresak daude, nola handiak hala ETEak eta startup-ak, eta zabalik dago parte hartu nahi duten enpresa edo aliantza guztientzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke